amagoia mujika
IRITZIA

Mahaia

Mahaiaren bueltan elkartzen gara askotan. Ohitura, kultura, izateko era... Batzuetan asko ezagutzen ditugunekin esertzen gara. Beste batzuetan, gutxixeago ezagutzen ditugunekin. Eta ezustekoak gertatzen dira, edo gertatu izan zaizkit, behinik behin.

Hamar minutuko hizketaldietatik ezagutzen nuenaren ondoan egokitu nintzen, hamar minutuko hizketaldietatik ezagutzen nituen beste batzuekin batera. Ez oso ezagunen kuadrilla. Afaltzen hasi orduko joan ziren sortzen hizketarako gaiak, bata bestearen atzetik, sakonago, arinago, umoretik, serioxeago... Eta gauza askotan mundu ikuskera berdina genuela konturatu nintzen, kezka berdintsuak, arazo igualtsuak, barre egiteko gogo parekoa... Ondo moldatu ginen, paretik.

Handik egun batzuetara, betidanik ezagutzen ditudanen ondoan eseri nintzen. Batzuek jaiotzen ikusi naute, beste batzuk nik jaiotzen ikusi ditut. Eta badira mahaira gerora batu direnak, etxekoak ez direnak, baina ezagun samarrak denak. Betiko gaiez aritu ginen, barrez, elkarri zirikatzen. Horraino, dena beti bezala. Baina, gai berri samarra atera zen mahai gainera; Euskal Herritik kanpo jaio eta orain Euskal Herriko zubi azpietan bizi direnak. Eta korapilatu egin zen eztabaida. Zuritik beltzera dauden kolore guztiak agertu ziren iritzietan mahai buelta hartan. Baita zuria eta beltza ere. Etxera bueltan, sekulako aurkikuntza egin zuen mahaian eserita zegoen bederatzi urteko neskatoak: «Ama, zein iritzi desberdinak ditugun batzuek eta besteek, ezta? Konturatu zara denek ez dutela guk bezala pentsatzen? Eta haiek ere arrazoia dutela pentsatzen dute».

Haurraren aurkikuntzak helduentzat bistakoak izaten dira, hain agerikoak maiz ahaztu egiten zaizkigula oinarrizkoak diren horiek. Bai, gure inguruko guztiek ez dute gu bezala pentsatzen eta hori gutxi ez balitz bezala, denek pentsatzen dute arrazoia daukatela. Eta asaldatu egiten gara gu; nola pentsatu dezake arrazoia daukala ideiak hain modu aldrebesean eraiki dituenak? Eta harritu egiten gara parean eztabaidan ari zaigunarekin. Iruditzen zaigu mundua aldrebes ikusten ari dela, gustura eutsiko genioke hanketatik eta buelta eman, mundua behar den bezala ikus dezan. Alegia, guk ikusten dugun bezala. Eta berak berdina pentsatzen du, erotu egin garela, aldrebestu, nahastuta gabiltzala eta ez dugula arrazoirik noski.

Gure jendartea esertzen garen mahai horietakoa da. Hasieran badirudi antzekoak garela denak, pentsaera berdintsukoak. Baina beti agertzen dira iritzi desberdinak, punta zorrotzeko gaiak. Eta horrela hobe, sesioak menuaren parte izaten baitira beti. Eta horrela hobe, denek berdin ez dugula pentsatzen akordatzen garelako tarteka.