GARA Euskal Herriko egunkaria

Orain 400 urte Islandian erail zituzten arrantzaleak gogoan

Orain dela 400 urte Islandian balearen ehizan zebiltzan 32 arrantzale euskaldun erail zituzten eta, data hura aitzakiatzat hartuta, euskaldunen eta islandiarren arteko harremanak aztergai dituen kongresua antolatu dute Reykjaviken. Apirilaren 19an abiatuko da.


Aurten 400 urte beteko dira Islandian balearen ehizan zebiltzan 32 euskal arrantzale erail zituztela bertako biztanleek eta, urteurren horren harira, Etxepare Institutuak, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies guneak, Santa Barbarako Unibertsitateko Barandiaran Chair for Basque Studies katedrak eta AIB Euskal Islandiar Erakundeak nazioarteko kongresu akademikoa antolatu dute Reykjavik-eko Unibertsitate Liburutegi Nazionalean, apirilaren 19tik 23ra bitartean.

Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Bill Douglas eta Xabier Irujok (Nevadako Unibertsitatea); Einar G. Petursson, Torfi Tulinius eta Helgi Þorlakssonek (Islandiako Unibertsitatea); Alvaro Aragon eta Mari Jose Olaziregik (Euskal Herriko Unibertsitatea-Etxepare Institutua); Viola Migliok (Kaliforniako Unibertsitatea); Michael M. Barkhamek (Cambridgeko Unibertsitatea); eta Rikardo Etxepare eta Aurelia Arkotxak (IKER, Bordeleko Unibertsitatea). Oreka TX eta islandiar musikarien kontzertua eta euskaldunen eta islandiarren arteko berradiskidetze ekitaldi sinbolikoa ere izango dira.

Ekitaldi hauen muinean orain 400 urte Islandian eraildako 32 euskal arrantzaleak daude: ekaitz batek haien baleontziak txikitu eta herrialdean hilabete luzez geratu behar izan zuten arrantzale gipuzkoarrek eta, agintariekin zenbait arazo izan ostean, bertako sheriffak euskaldunak hiltzeko agindua eman zuen. Urte hartan bertan, ordea, Jon Gudmunssonek saiakera bat idatzi zuen, eta sheriffak jende errugabea hil zuela salatu zuen bertan.

Euskaldun eta islandiarren arteko harremanak gertaera lazgarri harekin hasi baziren ere, hainbat ikerketa historikok, indusketa arkeologikok eta dokumentu linguistikok erakutsi dute XVII. mendean euskaldunen presentzia oso esanguratsua izan zela uhartean, baita euskaldun eta islandiarren artean elkartruke oparoa egon zela ere hala merkataritzan nola kultura mailan.