11 ABR. 2015 Oier Oa Parisen bizitzera behartzen duen agindua salatzeko auzitara jo dute G. M. ZUBIARRAIN URRUña Espetxe frantsesetan lau urteko zigorra beteta apirilaren 4an aske geratu eta ordutik Saint-Germain-en-Laye herrian (Yvelines, Ile-de-France) bizitzera behartu duten donostiarraren defentsak salaketa jarri zuen atzo Parisko Epaitegi Administratiboan. Preso ohiaren abokatuek boterekeria dakusate Versallesko prefetak hartutako erabakiaren atzean eta neurria bertan behera uzteko eskatu diote epaitegiari. Estatu frantsesean bizitzeko debekua jarri zioten Oari ETAko kide izateagatik zigortu zutenean. Bestalde, Segiko kide izateagatik auzipetua du Estatu espainolak Larresoron (Lapurdi) bizi eta bikotekidea nahiz adin ttipiko bi haur bertan dituen gizasemea, baina frantses epaitegiek atzera bota zuten Espainiaratze eskaera, Segi estatu frantsesean ez delako legez kanpoko erakundea izan. Hori dela eta, Paris inguruko herri horretan bizitzera behartu du hango prefetak Oa, baita egunean hiru aldiz sinatzera eta etxeratze agindu bat betetzera ere. Hotel batean jarri dute bizitzen, baina gastuak ez ditu Estatuak bere gain hartzen. Lehen astean 450 euro ordaindu behar izan dituzte bere senideek. Manifestazioa, 17.00etan Egoera hori salatzeko manifestaziora deitu dute gaur arratserako Larresoron. Hainbat hautetsik, bestalde, bilkura eskatu diote Pirinio Atlantikoetako prefetari larresoroarraren egoeraz azalpenak emateko.