12 ABR. 2015 ZORROZTARRIA Ordekan ere kurbak! Julen MURGOITIO Aste Santua pasatuta dator bestelako pasioa, bizikleta. Tourraren giroa bueltan, Itzuliaren biran. Eta horra! Zaleak nonahi kamino bazterrean pedalka saiatzen ari denari animozko oihuka, nork bere erlijioa, nork bere oihalari eutsita, errespetuzko anabasan. Nonahi esan dut? Ez, maldan gora askoz gehiago, zaleak, ordekan baino. Maldan probatzen baita nolakoak diren hankak, are gehiago politikako bideetan. Ipurdi forman nabaritu ez arren, hain dira desberdin bulegoko aulkia eta bizikletaren jesartzekoa! Hau ere kolpea gero! Ordekako errepide lau zabalak utzi eta, ikuskizuna sentitu eta gozatu gura duenak, mendi-hegaleko kamino piko estuak helburu; esan nahi da, zuzena denak ezin diola dabilenari eskaini kurbek eskatzen dioten arreta, bizi-gogoa azken batez, are gehiago maldako kurbak direnetan. Eskari-eskaintza kontua. Horretan datza erliebeak duen polita, hor eta hemen desberdina, hiru dimentsiotan ulertzekoa. Zer ikusirik ez zorrotza dena kamustu nahi izatearekin; berdindu, esate aldera. Bada, pentsamoldean legez, erliebe bakarra nahi duenik, leuna eta laua, kosta ahala kosta itsasoa kontinente erditik ere ikusteko moduko erliebea, hondeamakinak lagun beti ere. Azken batez, estrategikoa dena ez da azpiegitura bera, estrategikoa hondeamakinak dira. Antropozenoa omen da gure garaia, gizakiak, batzuk gehiago, eragile geologiko nagusi bihurtu direnekoa. Ondasunak hondamen bihurtu. Mendi-hegaletan tunel eta haran-ibarretan zubibide, lerroa zuzena eta laua izan dadin, eta arina. Berdin da zenbat lur mugitu behar den, fakturak ez du egiaztatuko, tunela berez iluna baita eta zubibideak tunel bi batzen baititu. Kontuak atera! Horretan datza auditoria! Ondorioa? Ordekan borrokatu behar da gehien mendian maldak izaten jarraitzeko. Horixe benetako itzulia, ordekan ere kurbak izatea!