GARA Euskal Herriko egunkaria

«Deflazioari aurre egiteko», soldaten igoera eskatu dute

ELA eta UGT sindikatuek bat egin zuten atzo martxoko KPIaren datuak ezagutu eta gero. «Soldatak igotzea eta gizarte prestazioak eta zerbitzuak gehiago eta hobeak izatea» eskatu zuten biek.


ELA eta UGT sindikatuek bat egin zuten atzo, martxoko Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) datuak ezagutu eta gero. Izan ere, biek eskatu zuten, «deflazioari aurre egiteko», soldatak igotzea eta gizarte prestazio eta zerbitzuak «gehiago eta hobeak» izatea.

Estatu espainoleko INE erakundeak jakinarazi zuenez, KPIa, otsaileko datuekin alderatuta, %0,8 igo zen Nafarroan iragan martxoan, %0,7 Gipuzkoan, %0,6 Bizkaian eta %0,5 Araban.

Hileko bilakaeran, elikagai eta alkoholik gabeko edarietan bakarrik jaitsi ziren prezioak EAEn (-%0,6) eta Nafarroan (-%0,4), nahiz eta hor sendagaiek ere behera egin zuten (-%0,2).

Urteko datuen arabera, ordea, prezioek jaitsiera izan zuten. Nafarroan -%0,6koa izan zen; Araban eta Bizkaian, -%0,5ekoa; eta Gipuzkoan, -%0,3koa.

ELAk azaldu zuenez, «datuek erakusten dute EBn murrizketa politika bortitzenak ezarri diren tokietan izaten ari direla prezioen jaitsiera handienak. Hau da, soldatak eta prestazio sozialak –pentsioak, langabezia sariak edo bestelako laguntzak– gehien murriztu diren tokietan, hala nola Grezian (-%1,9 otsailean), Zipren (-%0,8) edo Estatu espainolean (-%0,7).

Sindikatuaren ustez, «herritarrak pobretzeko politika bortitz horiek daude deflazioaren oinarrian». Izan ere, «ezinezkoa da biztanleriaren gehiengoa okerrago bizitzea eta, era berean, kontsumogaien prezioen igoera orokorra gertatzea. Argi dago oso lotuta daudela soldaten debaluazioa eta aurrekontuak zein eskubide laboral eta sozialak murrizteko politikak».

Gauzak horrela, deflazio honi aurre egiteko, «beharrezkoa da soldatek partaidetza handiagoa izatea aberastasunean, eta gizarte prestazio eta zerbitzuak gehiago eta hobeak izatea».

Bestalde, UGT-Euskadiko Maribel Ballesterosek esan zuenez, negoziazio kolektiboa indartzeko «apustu serioa» egin behar dute patronalak eta sindikatuek, eta bai Estatu espainoleko eta bai Lakuako gobernuei eskatu zien «kalitatezko lana, egonkorra eta soldata duinak» bermatuko dituzten neurrien alde ekiteko.

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak begi onez hartu zituen martxoko KPIaren datuak, baina urteko zifrei erreparatuz gero, «oraindik egonkortasun desiragarritik urrun daudela» eta egoera «ez dela nahiko genukeena» azpimarratu zuen.