21 ABR. 2015 Itsasuko La Nive osasun zentroan, lanpostuen eta lurraldearen defentsan Lehendik datoz arreta berezien zentroko arazoak. Apiril hasieran, ordea, sendagilerik gabe geratu ziren, eta gaixoak kostaldeko beste zentroetara eraman dituzte. Bertako hautetsiak eta 44 langileak osasun administrazioarekin sokatiran dabiltza zabalik mantentzeko. Arantxa MANTEROLA ITSASU Buruhausteak ez dira oraingoak La Nive arreta eta errehabilitazio zentroan. Aspalditik eginak behar zuten arauetara moldatzeko lanek, baina Gizarte Segurantzaren zeregina atzeratzen joan da eta ez dira inoiz burutu. Anartean, Akitania eskualdeko Ugecam-ek (mota horretako zentroen kudeatzailea) ohe kopuruen banaketa aldatu du, eta, hala, Itsasuko zentroko hainbat kostaldeko beste zentroetara eraman ditu. Egoerak okerrera egin du duela aste batzuk hiru sendagileek beren kontratua eten eta Biarritzeko beste zentrora joan zirenean. Horren ondorioz, gaixoak artatu ezinean, zentroko 45 oheak hutsik geratu dira eta bertako 44 langileak, berriz, lanik gabe. Hilaren bukaera arteko soldatak ordainduko dizkietela eta maiatzetik goiti langabezian sartuko direla, gehienez ere sei hilabeterako, agindu diete Ugecameko arduradunek. Apirilaren 14an CGT, FO eta CFDTko sindikatuen ordezkariekin eta lekuko hautetsiekin –tartean Itsasuko auzapeza eta Sylvian Alaux PSko diputatua–, Parisen egindako bileran Gizarte Segurantzako zuzendaritzak La Nive zentroa zabalik mantentzera engaiatu ziren. Ildo horretan, sendagileak eta fisioterapeutak bilatzeko deialdia egin dutela ere ziurtatu zieten, nahiz eta ez den inor aurkeztu. «Heriotza programatua» Tartean, ordea, Akitaniako Ugecamek zentroa bere gain hartuko lukeen enpresaren bila dabilela esan die, eta langileek uste dute iragarpen hori zentroaren «heriotza programatuaren hasiera» besterik ez dela. Hainbat mobilizazio egin dituzte eta ostiralerako ere deia zabaldu diete herritarrei, hautetsiei eta hedabideei beren lanpostuak eta lurraldea biziarazten duten La Nive bezalako egiturak sostengatzera etor daitezen. Itsasu eta Kanboko auzapezak, Alaux diputatuak eta Eskualdeko Osasun Agentzia ere bertan izango dira. ARAZO SOZIALALa Nivekoa ez da «zenbaki kontua, arazo sozial eta humanoa baizik», Alauxen ustez. Diputatuaren iritziz, irtenbidea zentroa beste arreta mota batzuetara (eguneko zentroa...) bideratzea izan liteke.