28 ABR. 2015 IKUSMIRA Errepideetan topatuko gaituzte Oihane Larretxea Kazetaria Sakelakora heldutako mezu baten bidez izan nuen gertuko lagun batek Dueñasko espetxetik bueltan (Euskal Herria-Palentzia-Euskal Herria=600 km) igandean izandako istripuaren berri. Harekin kontaktuan jarri nintzen segidan eta onik zegoela jakitean hainbat galdera eta kezka etorri zitzaizkidan burura. Ez ziren galdera eta kezka berriak, baina bai hausnarketa bat egitera bultzatu ninduten auziak. Lozorroan daude eta noizean behin esnatu egiten dira. Ez dut erantzunik topatu eta kezkek hor jarraitzen dute. Eta, hain justu, lerro hauek idazten ari naizela heldu zait Etxeraten oharra: igandean Villenako kartzelatik bueltan (Euskal Herria-Alacant-Euskal Herria=1.400km) beste senide batek istripua izan zuela dio. Beste bat. Aurten gertatutako laugarrena da. Istripu hauen egun berean irten zen espetxetik, 26 urte ondoren, Juankar Balerdi. Lasartearrak anaia eta ama galdu zituen 2003an istripu batean Almeriarako bidean. Bisita zuten egitekoa. Jakina, askatasunaren albisteak istripuarena ekarri zuen memoriara; aitzitik, kanpoan besoak zabalik zain zituen lagunen eta senideen irudiak hartu zuen nire arreta. «Carretera y manta». Horixe, autoak hartu eta Huelvara, 2.000 kilometroko joan-etorria egiteko. Atarian besarkada batzuk, malko bat edo beste eta etxera, errepidea hartuta. Errepideak… bertan erretzen dira pneumatikoak, beldurrak eta telefono deiak. Eta bertan antolatzen dira hurrengo bisitak. Lagun honek esan zidan moduan, «sustoari buelta eman behar, bueltatuko garelako». Noski baietz, bertan topatuko gaituzte.