23 MAY. 2015 Elustondoarrek trikitixaren «burdinezko kateiari» eutsi diote «Elustondo» izena eman diote Agurtzane eta Jon Elustondo anai-arrebek euren lehen diskoari. Trikitixa eta sorleku duten Legazpi hiri industriala ez direla bi mundu kontrajarri erakustarazi nahi izan dute. Gaur, Lasturren izango da doinu berri horiek entzuteko aukera. Amalur ARTOLA DONOSTIA Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arrebek artean ume koskorrak zirela ekin zioten Legazpiko plazetan trikitixa emanaldiak eskaintzeari. Ordutik hona, Euskal Herriko plaza, erromeria eta txapelketa ugaritara eraman dituzte soinu txikia eta panderoa eta, orain, doinu horiek “Elustondo” izena daraman diskoan bildu dituzte. «Disko partekatuak argitaratu izan ditugu eta aspalditik genuen gure disko propioa argitaratzeko asmoa, baina gauza bat eta bestea dela, atzeratzen joan da kontua», azaldu zuen Laja trikitilari handiaren ikasle izan zen Agurtzanek. Behar zuten bultzada Martin Aginalde trikitilariaren eskutik etorri zen: «Gu bezalako bikote batek ezin zuela diskorik gabe egon esan zigun, berak bazituela gure jotzeko moduarekin bat zetozen pieza batzuk». Hizketaldi hartan ereindako hazitik dator “Elustondo”. Hamalau piezaz osatutako disko honetatik zortzi kanturen doinua Martinena da, eta lana ontzeko beste hainbat lagunen kolaborazioa ere izan dute, hala nol Michel Longaron, Amaiur Cajaraville, Gurutz Bikuña, Xabier Zeberio, Josu Salbide, Pilar Aresti, Xabier Amuriza, Elena Aristorena, Javier Alzugaray, Xabier Berasaluze Leturia, Kepa Junkera, Xabier Barriola, Estitxu Pinatxo eta Natxo de Felipe. «Kolaborazio aldetik nahiko disko jantzia da. Profesional bikainez inguraturik ibili gara eta, gainera, maila pertsonalean ere pertsona aberatsak dira», eskertu zuen Ionek. Baina kolaborazioak ez dira diskoaren berezitasun bakarra, edo ez behintzat nabarmenena. Azpimarragarriena, beren jaioterriarekin mantendu nahi izan duten lotura da. «Legazpiarrak gara bere gauza on eta txar guztiekin, eta hori letretan islatzen dela uste dugu», azaldu zuen Ionek. Horregatik, Legazpiko euskara erabili dute abesterako orduan eta kantuen izenek ere, “Txintxurkan” (hanka bakar batean ibiltzea) edo “Perkaxa” (dotorea) kasu, bertako hizkerari egiten diote erreferentzia. Legazpiartasunari keinuka Azala diseinatzerako orduan ere legazpiartasun hori oso kontuan izan dutela azaldu zuten. Bertan, anai-arrebak Legazpiko sarreran dagoen zebra-bidean agertzen dira, atzealdean paisaia industriala dutela. «Legazpiartasunari keinu bat egin nahi genion. Hiri industriala da, burdinarekin lotura duena. Gure aitona, adibidez, Elgoibarko baserritarra zen arren burdinolan aritu zen lanean, eta gure aitak azaleko zebra-bide hori pasatuta dagoen lantegian egiten zuen lan», adierazi zuen Agurtzanek. Izaera horren adierazle da “Burdinezko kateia” abestia: «Aitonari 89 urte zituenean egindako grabazio bat genuen eta galdategiez diharduen zatiak txertatu ditugu kantuan. Polita geratu da». Diskoan bildutako pieza horiek zuzenean entzuteko aukera izango da gaur bertan, Lasturreko erromerian.