07 JUN. 2015 ZORROZTARRIA Bestelako sena behar Julen MURGOITIO Zeinek esan du zarata gogaikarria dela? Bai zera, kimera! Hainbatetan kontrakoa da zarata, atsegina eta lasaigarria, bizigarria eta osasungarria. Kasuotan belarriek ez dute txertorik behar, horretarako baitaude herritarren gorputzean. Ez, ez nago Groenlandiako bazterretan glaziar-burutik jausitako izotz-puskek sortzen duten zarataz, hori ere guztiz goxoa izan arren. Ez, okasioetan futbol zelaietan entzuten den zarata magikoaz nago. Oilo-ipurdia jartzen zait milaka pertsona, aho batez, bai, aho batez, txistu bakar batean biltzen direnean. Eta hau kolpea! Kontserbatoriotik inoiz pasatu gabeak ere hantxe, maisu, gorputzak emandako gaitasuna doinu kolektiboan batuz. Denak zelaiaren berdeari begira, txistuka, protesta betean. Izan ere, zelan da posible futbol zelaiko berdea soropil artifizialezkoa izatea, bazter guztietan, are gehiago udaberrian, belar naturala sobera izanda! Normala txistua. Danbolina izan nuen nik faltan. Belarraren berdea, bai. Ez dakit, baina, zergatik den berdea batzuek ingurumenari exijitzen dioten kolorea; izan ere, berezko ingurumena berdea da batzuetan baina grisa eta nabarra besteetan, berez. Euskal Herritik atera gabe ere. Kontuan hartzeko politikari ere koloreak jartzean. Total, Ingurumenaren Munduko Eguna dugu egunotan, berriz ere. Ingurupena esatea errealagoa litzatekeen arren. Tira Alternatiba! Horra hamaika lagun pedalari eutsi eta Baionatik Parisako bidean abiatuak direla. Klima aldatu ez dadin sistema bera aldatu beharra aldarrian. Aturritik Senara, han senik balego, sikiera. Beste senaren hirian udazkenean izango den COP 21 izeneko goi bilera buruan abiatu ere. Seguruenik, berriro ere, arazoen erakusleiho izango da hori, konponbideen bide-mapa baino. Protesta behar, jakina, eta proposamenak gauzatu, txikitik handira.