11 JUN. 2015 Gure Esku Dago Gasteiz ehuntzeko deia, Buesa Arena oihalez jantzi ezin bada ere Herriz herri sakabanatutako oihalak, jendearen amets eta borondatez hornituak, hiriburuetan batzeko eguna izango da ekainaren 21a. Gasteizen, azkenean ezingo dute Buesa Arena erabili, baina zailtasunei baikorki aurre egin eta kalera eramango dituzte ekintzak. Baionan, Christian Belascain errugbi zelaian izango da ekitaldi nagusia, 12.00etan. M. IANTZI - I. ERASO GASTEIZ - BAIONA Udaren lehen egunean eguzkiaren irribarrearen promesak alaitzen du jendartea, baina ekainaren 21ak aurten beste poz bat ekarriko du, etorkizuna esku artean hartzearen agintza. Bilbo, Donostia eta Iruñean ekitaldi herritarrak egingo dira, baita Gasteiz eta Baionan ere. Joan den urteko giza katearen irudi ikusgarria begi ninietan, Gure Esku Dago ekimena urte osoko lanaren emaitza erakusteko egun eder baten antolaketaren azken hariak lotzen ari da. «Herrietan oihalen inguruan lanean ibili garen bezala, eguneko ekimenak prestatzen ere jende mordoa ari gara. Halaxe dihardute lurralde guztietan eta baita Araban ere. Orain dela aste batzuk, ordea, Gasteizko ekimena zalantzan jartzeko ahaleginak egin zituen batek edo bestek», azaldu zuten sustatzaileek atzo. Erran zutenez, iraganeko politikariek iraganeko jarrerei heldu diete berriz, eta horrek, nahitaez, zailtasunak sortu dizkie antolatzaileei. Halere, azpimarratu zutenez, Gure Esku Dagok sortu zenetik erakutsi duen «izaera positibo, parte-hartzaile, anitz eta bateratzailearekin» gainditu ditu trabak. «Ez gara ezezkoan geratuko» Isilean, inurri lanean, guztiekin mintzatu eta korapiloak normaltasunez askatzeko eginahalak egin dituzte, baina «batzuen nahi ezak eta besteen ezinak» tarteko, ezin izan da korapilo hori askatu, eta aurreikusita zegoenaz beste, ez da ekitaldirik izango Buesa Arenan. «Ez gara, baina, ezezkoetan geratuko», baieztatu zuten irmo. Egoera berria aztertu ondotik, prestatuta zituzten ekintzak kalera eramatea erabaki dute; hirira, erdialdera. Honakoa da plan berria: 12.00etan, oihal kalejira abiatuko da Konstituzio Plazatik Andre Maria Zuriaren Plazara. 14.00etan, “Arabarrok erabaki” argazkia aterako da bertan, eta gero, kalez kale eta eguna bukatu arte denetarik izango da: hautetsontzi erraldoia oihalekin, Aberri Txarrak, Los Chikos del Maiz eta Goseren kontzertuak, umeen gunea, triki poteoa, Joselu Anaiak, Txaranga... (egitarau zehatza datozen egunetan plazaratuko dute). Hiriburuetako ekimenak autofinantzatzeko sarrerak jarri dituzte salgai. Gasteizen kasuan, 5 euroko laguntza txartelak izango dira eta arabar guztiei esku kolpe hori eskatu nahi diete. Baita inoiz baino alaiago eta gogotsuago Gasteizera hurbiltzeko ere. «Iaz ez genuen areto handi eta itxirik behar izan gure aldarrikapena entzun zedin. Oraingoan ere, beraz, izan dadila hori gutxienekoa!», animatu dute. Baionako berezitasunak Bidasoaren iparraldeak bere berezitasunak finkatu eta agerrarazi ditu. Hautetsontzia osatzeko ekintza nagusia 12.00etan egingo da, beste hiriburuetan ez bezala. Christian Belascain errugbi zelaian bertsolariak, kantak eta musika izango dira. Lehenago, Baionako erdialdea oihalez jantziko dute. 10.30etik goiti herriko etxearen aitzinean kamisetak eta ehunak salgai izango dira. Ondoren 11.00etatik 11.30era oihal katea egingo dute Errobi ibaiaren bazterrean Christian Belascain zelaira ailegatzeko. Ekainaren 21ean hiriburuan Musikaren Eguna ere ospatzen dela oroitarazi zuen Iban Tikoipek: «Giro herritarrarekin bat egiten du eta eguna pasatzeko parada ederra ematen du». Gure Esku Dago-ren sarea Ipar Euskal Herrian duela bi hilabete ehuntzen hasi zen, modu informalean, Ziburun “Jostunak” filma ikustera hurbildu zirenen artean. Geroztik hamabi herritan taldeak osatu dira, eta hurrengo egunetan ekintzak izango dira Azkainen, Maulen eta Itsasun. Baigorrin Baztanekin batera “muga josiz” antolatu dute Izpegin larunbat honetarako. Erronkei dagokienez, Ihintza Ostolazak adierazi zuenez, «lurralde antolakuntzari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzen ari dira eta ezin da herritarren parte-hartzerik gabe egin». Alde horretatik, Gure Esku Dago-renBaionako ekintzak eztabaida hori sortzeko bidea ireki dezakeela nabarmendu zuen. «21eko ekimena ez da helburua, bitarteko bat baizik epe luzera gogoeta sakona eramateko eta jendea kontzientziatzeko», gaineratu zuen Tikoipek. ELA y el PNV animan a la gente a coger el futuro en sus manos Se acerca la cita del 21 de junio y con ello las adhesiones y apoyos de algunos de los organismos políticos y sociales más importantes del país. Uno de los últimos han sido el sindicato ELA y el PNV, que han confirmado su apoyo público a la iniciativa ciudadana que pretende unir en cinco capitales vascas las voluntades tejidas durante los últimos meses en pueblos y barrios. Koldo Mediavilla, responsable del Área Institucional del PNV, dijo en los micrófonos de Info7 irratia que el partido jeltzale anima a toda la ciudadanía a participar en los actos organizados por Gure Esku Dago. Por su parte, ELA llamó en una nota a su militancia a participar en los actos. Cree que la cita del 21 será «una bella manera de significar algo bien sencillo: que lo normal es que la gente sea consultada y pueda decidir sobre todo aquello que le afecta».GARA