13 JUN. 2015 Entrevista ASIER AGIRRE ASEGARCE-KO PILOTARIA «Aitak sartu zidan harra, eta gainera, diru asko gastatu du masaje eta bidaietan» Aste gogorra izan du Asier Agirre iruindarrak, Irakasle Eskolako azterketak, debutaren aurreko elkarrizketa eta konpromisoak...Urduritasuna nabaritzen omen du, baina Aimar Olaizolaren aurka jokatzen eta Arrotxapeko, bere auzoko, jaietan gozatzeko asmotan da profesional berria. Jon ORMAZABAL Kirolean sarri ahaztuak izaten dira izarren atzean dauden pertsonak eta hauek egiten duten itzaleko lana, Asier Agirrek aita izan du gogoan debutatu baino 24 ordu lehenago. Zer moduz daramatzazu azken ordu hauek, urduritasunik bai? Bueno, egia esan, pixka bat urduri bai, itxaroten nuen eguna heldu da eta urduritasun pixka bat badut. Duela pare bat aste esan zidaten debutatuko nuela eta gerturatu ahala nabaritzen da zerbait berezia. Asegarcerekin entrenatzen, aldiz, denbora dezente gehiago daramazu ala? Bai, gutxi gorabehera pare bat urte edo hiru daramatzat eurekin eta gaur arte debutatu zain. Bada heldu da eta sekulakoa jarri dizute, ezta? Aimar Olaizolaren aurka, eta gero sanferminetako Lau eta Erdikoan jokatuko duzu. Hasiera gogorra, baina pozik. Sari bat bezala hartzen dut, gogo askorekin. Beldur pixka bat ere ematen du [barrez], ez nuen Aimarren aurka jokatu behar, baina Buruz Buruko finala atzeratu denez... Esan zidatenean pentsatu nuen beste maila batean dauden pilotariak direla, baina presiorik gabe jokatuko dut eta ea nirea emateko gai naizen. Zure jokoa definitzerakoan ausardia aipatzen dute gehienek. Hori esaten dute, errematera sartzea gustatzen zait, ez dut gehiegi pentsatzen, eta aurreko koadroetan mugimenduetan eta nahikoa azkarra naizela esaten dute. Bi urterako kontratua sinatu duzu eta asko erakutsi behar izaten da luzatu ahal izateko, presiorik sentitzen duzu? Bueno, bi urtetarako kontratua egin didate, azkenaldian halakoak egin dituzte gehienak eta denbora badago erakusteko. Nik uste dut ez dudala ezer demostratu behar, baina behintzat nire jokoa eta nire maila eman nahi nuke, nire jokoa gustatzen zaielako fitxatu nautela uste dut eta hori eman nahi nuke. Debutatzera doazen gehienek defentsan hobetu behar dutela esaten dute, zure kasuan ere hala gertatzen da? Bai, defendatzerako orduan pilota ateratzea edo despejatzerakoan, agian indar falta pixka bat daukat oraindik, baina hori ere entrenatzen ari gara eta saiatuko gara hori hobetzen. Goi mailako pilotari horien aurka entrenatu zarenean nola ikusi duzu zeure burua? Entrenamenduetan nahiko ondo, orain partidetan ikusi beharko da. Beste maila bat eta beste abiadura bat da profesionaletakoa eta gutxienez ikusi dut hasi nintzenetik hona izan dudan garapena ona izan dela. Partida Labriten izanda, zuen etxetik horren gertu, jende asko egongo da, ala? Gainera, auzoko festak dira, etxetik hamabost minutura daukagu frontoia eta jende asko igoko da ikustera. Halakoetan beti izaten da itzalean lan handia egin duen norbait eskertzeko, etxekoak, entrenatzaileren bat... Batez ere aitari eskainiko nioke, txikitatik berak eraman nau frontoira, berak sartu dit kirol hau zainetan eta gainera diru asko gastatu behar izan du masajistetan eta autoan eta hori guztia. Bera ere pilotan aritutakoa da, afizionatu mailetan. Aspaldiko partez nafar baten debuta, azkenaldian gipuzkoarrak eta errioxarrak izan dira gehiago. Hori da, ematen zuen hilak geundela, baina hemen betidanik zaletasun handia dago, jende askok jokatzen du herrietan eta azkenean ateratzen gara. Dariok ere egingo du debuta. Ezagutzen duzu? Nolakoa da? Txikitatik jokatu dugu elkarren aurka, nahiko ahaltsua dela ikusten dut, abiadura handia ematen dio pilotari, eskuinarekin asko jotzen dio, sake handia dauka, moztu ere oso ondo egiten du… nik uste dut zeresana emango duela. Ikasketak nola doaz? Nahiko ondo, aste honetan izan ditut azterketak, aste mugitua izan da. Azkenean irakasgai gutxiago hartu ditut, bi gauzak bateratzea zaila da, baina handik eta hemendik denbora aterata lortzen da. Ausarta naizela esaten dute, errematera sartzea gustatzen zait eta aurreko koadroetan, mugimenduetan eta, nahikoa azkarra naizela.