GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruzurra


Duela bi urte egunkari ingeles baten bidez jakin nuen Hanif Kureishik, “The Buddha of Suburbia” (1990), “The Black Album” (1995) eta “Intimacy” (1998) bezalako nobela gogoangarrien egileak, erretirorako aurreztuta zeukan diru guztia galdu zuela iruzur bat zela medio. Bere kontulariaren aholkuz dirua jabetza pribatu batzuetan inbertitu zuen, operazio horrekin «idazle izatearen gorabeherei» epe luze batez aurre egin ahal izango zielakoan. Baina Kureishiren diruak, beste hainbatenak bezala, kontulariaren kontu korrontean bukatu zuen. Inbertsioarena amarru bat zen bezeroak erakartzeko.

Atxilotu, epaitu eta zigortu egin zuten kontularia. Kureishik bere dirua berreskuratu zuen eta negozioetarako bururik ez duela ohartuta, etorkizunean tentuz ibiltzea erabaki zuen. Kontua ez zen horretan geratu, ordea. Lezioa ikasita aurrera begira jarri beharrean, gertatutakoari buruz idaztea erabaki zuen. Ez da lehen aldia bere bizitzako gertaeretan oinarrituta fikzioa idazten duenik Kureishik; aitzitik, bere ia liburu guztietan aurki daiteke pasarteren bat bere gertuko errealitateari aipamen egiten diona. Kasu honetan, baina, fikziora jo beharrean gertaera bere horretan azaltzea erabaki zuen, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga zeinen hauskorra den frogatze aldera. “A Theft: My Con Man” (Lapurreta bat: nire iruzurgilea) saioan egileak aitortzen du iruzurraz jabetu eta berehala kontulariari segika ibili zitzaiola bere krimena onar zezan. Saioa egileak argitaratu berri duen Love + Hate bilduman aurki daiteke.