22 JUN. 2015 KIROL ESKALADA Mikel Linazisorok Europako Txapelketairabazi berri du Hilaren 13an eta 14an Edinburgon jokatutako lehia nagusian 16 urtez azpikoen mailan nagusitasun osozgailendu da. Euskal ordezkaria sailkapen probetako bi bideak zein finalerdietakoa kateatzeko gai izan da. Andoni ARABAOLAZA Orain dela pare bat aste aipatzen genizuen Mikel Linazisorok Europako Kopako (gazteen mailan, jakina) bigarren proba irabazi zuela, eta gutxira Europako Txapelketan izango zela. Nazioarteko lehiatan aurten izaten ari den bilakaera ikusita, ez zitzaigun batere harrigarria egiten 14 urteko bergararrak berriro ere goi mailako postu bat erdiestea. Eta hori egitea izugarri zaila bada ere, hilaren 13an eta 14an Edinburgon jokatutako proba garrantzitsu horretan Linazisoro urrearekin egin zen berriro. Hain zuzen ere, Youth B edo 16 urtez azpikoen mailan. Bigarren lehia jarraian irabaztea zaila bada ere (tartean txapelketa bat), FEDMEren selekzioaren izenean lehiatu den euskal ordezkari honek nagusitasun handiz irabazi zuen. Eta zergatik diogun hori? Bada, sailkapen probetako bi bideak zein finalerdietakoa kateatzea soilik bi lehiakidek lortu zutelako. Bat, Sam Avezou frantziarra izan zen; bestea, berriz, Linazisoro bera. Baina finalean, frantziarrari kosta egin zitzaion ongi eskalatzea, eta, azkenean, bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Gipuzkoarrak, berriz, bikain jardun zuen, eta, aurreratu dugun bezala, urrearekin egin zen. Dotore Hilaren 13rako, FEDMEren hautatzaile Irati Andak hainbat euskal ordezkari Edinburgora eraman zituen. Aurreratu bezala, horietako bat Linazisoro bera. Bergararrak aurten nazioartean sinatu dituen postuak ikusi eta gero, esan dezakegu Anda “lasai” zegoela, izan ere, alboan Linazisoro bezalako lehiakide bat izatea izugarrizko “bermea” baita. Eta “berme” diogu, besteak beste, Europako gazteen lehiatan dagoen maila ikaragarria delako oso. Sailkapen probetako zein finalerdietako bideek kateatu ondoren, gipuzkoarra finalera faborito txartelarekin pasa zen. Jakin bazekien ia ezinezkoa zuela proposatutako bidea kateatzea; izan ere, 8b+ ingurukoa zen. Bere lehiakideak nahiko behean erori ziren bitartean, euskal ordezkaria ondo moldatu zen forma askorekin ekipatutako bidean: «Oso gustura eskalatu nuen. Bidea gogorra zen; pixkaka-pixkaka nekatzen zaituen horietakoa. Mugimendu politak zituen, eta sentsazio onekin jardun nuen». Andoni Esparta ere 16 urtez azpikoetan lehiatu zen: 23. izan zen. Bittor Esparta anaia 19. izan zen 18 urtez azpikoetan. Eta maila berean neskatan, Muriel Ruiz de Larramendi 26. izan zen. URREA Hilaren 13an eta 14an Edinburgon jokatutako Europako Txapelketan garaipen handia eskuratu du Mikel Linazisorok. 14 urteko bergararra nagusitasun osoz gailendu da.