26 JUN. 2015 Oskorri Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Benetan, gustatuko litzaidake esatea musikari batek musika uzten duenean, izar berri bat pizten dela ortzian, edo lurrikara txikiren bat gertatzen dela arte ederretako biurtekoren batean, edo zergatik ez, futbolariren batek belauna hausten duela, ustekabean. Baina ez, ez da horrelakorik gertatzen. Egia esan, ez da ezer gertatzen. Musikariak trasteak biltzen ditu eta kito. Aio. Berdin dio talde txiki, ertain edo handia zaren. Ezagun edo ikusezina izan zaren. Jendeak gogoan edukiko duen kantu sorta egin duzun. Europako folk talde erreferentzialetako bat izan zaren. Herri musika berritzeko adorea eduki duzun. Ez, bada, ez da ezer gertatzen, munduak ez dio biratzeari uzten. Bere buruaz beste egiten badu, agian, –bestela ezta pentsatu ere– agian aipamenen bat komunikabideren batean. Zenbat musikarik esan ote du agur azken ordubetean? Eta horietatik zenbatek aipatu du publikoki? Zenbat bilakatu ote dira berri interesgarri inorentzat? Zorionekoak horretarako gai izan direnak, lan eskerga egin behar izan dute horrelakoren bat merezi ahal izateko. Ez da nahikoa izango, ez du erabakia hartu duenaren gogoa lasaituko, baina bueno, ate handitik ateratzeko zortea izan dute, bederen, eta ez da gutxi. Musikari batek musika uztea erabakitzen duenean, inork ez du malkorik isurtzen. Eta zergatik egin beharko luke halakorik. Zerk egiten gaitu hain berezi, hain estimagarri. Bizitzak bere zikloa betetzen du, beti. Zergatik beharko genuke musikariok besteek baino hilezkorrago.