27 JUN. 2015 SAHARAR UMEEI HARRERA BERRIOZARREN 40 URTEKO BASAMORTUAN JAIOTAKO MAITASUN LOREAK BERRIOZARKO UDALETXEAREN INGURUA HAGITZ MOMENTU BEREZIEN LEKUA IZAN ZEN ATZO GOIZEAN, HAUR SAHARARREN ETA NAFARROAKO HARRERA FAMILIEN TOPALEKUA. EHUN UMEK BAINO GEHIAGOK EGIN ZUTEN SALTO HEMENGO GURASOEN BESOETARA, IRRI ZABALAK ETA MALKOAK ERAGINEZ. HARRIZKO BASAMORTUAN JAIOTAKO LOREAK DIRA. Maider IANTZI Urduri daude harrera familiak, haurrak besarkatzeko irrikatzen. Ttikiak garaiz iritsi dira Noaingo aireportutik, 9.30ean, baina Kultur Gunean daude dokumentazioa jasotzen. Kontua da pasaporte komun batekin ailegatzen direla, hainbat ume egoten dira pasaporte batean eta bakoitzari kopia bana eman behar zaio. Ehundik goiti direnez, Sahararen aldeko lagunek denbora behar dute eta bitartean zain egon behar. Arkupean, eguzkitik babestuz, hamaiketakoa prestatu diete Berriozarko bizilagunek, itxaron bitartean momentu goxoak pasatzeko. Ondoko Kaleberri tabernan, berriz, Saharari buruzko argazki erakusketa muntatu dute, Gari Berasaluzerena. Bertan gosaltzen ari dira, eta tripak jaten, Josu eta Manu harrera aitak eta Iraitz Manuren semea. Josu berriozartarra Galia neskatoaren zain dago; Manu eta Iraitz antsoaindarrak, Gaizi 12 urteko mutikoaren zain. Anaiak bezala dira Gaizi eta Iraitz, biak adin berekoak. Ura da eurentzat onena Kafesne baten bueltan denbora egin bitartean hamaika pasadizo atera dira. Adibidez, Josuk kontatu du duela bi urte bisitatu zuela Sahara eta egoera bitxia sortu zela. «Oso eskuzabalak dira eta ahalegina egiten dute ez dutena emateko ere». Ahuntza hiltzeko ohorea eskaini zioten. Manuri zein opari nahi zuten galdetzeko deitu zioten. Laugarrenez jasoko dute Gaizi eta ikasteko duen ahalmen izugarriak txundituta ditu. Bazkari batean, Manuren amak, erdalduna bera, hala galdetu zion: «¿Cómo se dice agua?». Noski, Saharan nola deitzen dioten jakin nahi zuen. Mutikoak hala erantzun zion: «Ura!». Ura da, hain zuzen, eurentzako gauzarik onena, antsoaindarrak azaldu zuenez. Bera eta bikotea irakasleak dira eta orduan sahararrak hemen egoten diren bi hilabeteetan euretaz arduratzeko aukera dute. Goiz aunitzetan igerilekura joaten dira eta Iraitzek bere lagunekin egiten dituen planetan Gaizi ere sartzen da. Txangoak ere egiten dituzte, itsasora zein mendira. Iruñerrira etortzen diren ttikiek iritsi eta berehala sanferminekin egiten dute topo. Gaizik ez ditu sobera gustuko izan orain arte. Hala galdetzen zuen: «Uda osoan hala al da?». Galiak lehenbizikoz etorri zenean ez zekien zer zen igogailua eta bertigoa sentitu zuen. Baserriak ere beldurra ematen zion, dena berdea, etxe handia... Begi- lausoa zuela konturatu, eta okulistarengana eraman zuten. Betaurrekoak jarri eta begi batetik %20 ikustetik %80 ikustera pasa da. «Maitasuna ematen diegu, betaurrekoak jarri, baina nahi nuke ekarri behar ez izatea, arazoa soluzionatzea, beren lurraldera itzultzea eta gu bisitan joatea», nabarmendu du Josuk. 11.30 dira jada eta kanpora atera dira. Ekitaldia hasi da arkupean, baina buru guztiak Kultur Gunera jiratzen dira, umeen bila... Hara, atera dira lehenengoak, Bortzirietako eta Baztango gurasoengana korrika! Raul Maiza Berriozarko alkateak jakinarazi duenez, familia baino haur gehiago daudenez, Udalak pisu bat utzi die zortzi umeri eta monitoreei. Vendettako Ruben Anton Saharan jotzen izan zen taldekideekin eta ordutik maiteminduta dago. Horregatik, pisu honetako haurrekin egun-pasak egiten ditu. Alaitasuna eta bizitza dira umeok, loreak. Baina ez da ahantzi behar non jaio diren. Badadi Benamar Saharako Fronte Polisarioko ordezkariak azaldu du: beren lurretik kanporatuak, 40 urte daramate basamortuan odola, izerdia eta malkoak isurtzen. Apirilean Nazio Batuengandik konponbiderako urrats bat espero zuten, baina hura zapuztu eta etsita daude. «Jasateko ahalmen handia dugu, gerra saihestu nahi dugu, baina zer egin, harri artean hil?». Egunero dozenaka hildako lurperatzen dituzte eta etengabe egiten diote dei nazioarteari laguntza eske.