GARA Euskal Herriko egunkaria
TRONTZA

Ezusteak izan dira Nafarroako bi finaletan

Kañamares III.ak eta Eugik, mutiletan, eta Lopezek eta Nuñezek, nesketan, jantzi zituzten txapelak.


Bi faboritoetako inork ez zuen irabazi atzo Iruñeko Foruen Plazan jokatu zen Nafarroako trontzalarien finala. Faboritoak Iraizoz ahizpak ziren, nesketan, eta Barberena anaiak, mutiletan; baina Lopezek eta Nuñezek irabazi zuten emakumezkoetan, eta Kañamares III.ak eta Eugik, mutiletan.

Azken bikote honek irabazi berri du Euskal Herriko kanporaketa, eta behetik gora sekulako abiadan datoz. Oso gazteak dira, baina atzo ere garbi utzi zuten Euskal Herriko txapela irabazteko ere prest daudela, eta atzoko maila ematen badute, gainera, gainerakoek ere lan asko izango dute hauek menderatzeko, eta une honetan Euskal Herrikoa irabazteko faborito nagusi bihurtu direla ere esan daiteke, ikaragarrizko sasoia erakutsi baitzuten atzoko finalean ere. Nafarroako Txapelketako errekor berria ere jarri zuten.

Bikote bakoitzak kana-erdiko enborrari etzanda jarrita hamalau epai eman behar izan zizkion, eta zutik jarrita, berriz, lau. Jendetza handia batu zen bi finalak ikusteko asmoarekin. Lanerako ere giro aproposa egin zuen. Txapela jantzi zuen bikoteak hasieratik jarri zuen erritmo oso gogorra. Lehen epaietan Urrutiak eta Saldiasek bakarrik eutsi zioten, baina hauek ere atzera geratzen hasi ziren.

Kañamaresek eta Eugik berean jarraitu zuten, sekulako abiadan, hasi ziren bezalaxe, eta amaieran txapela jantzi zuten. Bigarren sailkatu ziren Barberena anaiak, behetik gora eginez, eta Urrutiak eta Saldiasek osatu zuten podiuma. Emoziorik handiena azkeneko posturako egon zen, bi segundoko tartea besterik ez baitzen egon azkeneko bi sailkatuen artean, eta azkeneko unera arte ezin izan zen ezer erabaki. Gainerako postuak amaitu baino lehenago geratu ziren erabakita.

Kañamaresek eta Eugik, 6 minutu eta 53 segundo behar izan zituzten egin beharreko lan guztiak burutu ahal izateko. Barberena anaiek, berriz, 7 minutu eta 31 segundo, Urrutiak eta Saldiasek, 8 minutu eta 56 segundo, Kañamares IV.ak eta Kañamares V.ak, 10 minutu eta 3 segundo, eta Pikabea anaiek, 10 minutu eta 5 segundo. 

 

Neskak

Nesketan, emozio handia izan zen, izan ere, lehian aritu ziren lau bikoteek minutu erdi baten barruan amaitu zuten. Bakoitzak 45 ontzako enborrari etzanda jarrita hamar epai eman behar izan zizkion. Lopezek eta Nuñezek lan oso ona egin zuten, eta azkenean faborito ziren Iraizoz ahizpak baino 26 segundo gutxiago behar izan zituzten euren lanak burutzeko.

Lopezek eta Nuñezek lan guztiak amaitzeko 7 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten. 7 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten, berriz, Iraizoz ahizpek. Hirugarren postuan Ontsalok eta Sousak amaitu zuten, eta hauek 7 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten eurenak egiteko. Sorondok eta Garciak itxi zuten sailkapena, 8 minutu eta 7 segundo izan zen euren denbora.

Gaur ere 12.00etan izango da jaialdia, eta hiru txapelketa jokatuko dira. Mutilen ingude-altxatze txapelketan, Urrutia, Izuzkiza, Martin, Zugarrondo, Ballesteros, Fernandez eta Lesaka lehiatuko dira. 18 kiloko ingudea erabiliko dute.

Nesken ingude-altxatze txapelketan, Maika Ariztegi, Mertxe Ariztegi, Urrutia, Berruezo eta Etxeberria lehiatuko dira. Motozerrako San Fermin sariketa ere jokatuko da. Kirol honetan egiten den txapelketa ofizial bakarra da. Mariñelarena eta Salvador lehiatuko dira.