GARA Euskal Herriko egunkaria

645 kiloko bala adardunak, urte on bati distira emateko


Historian da dagoeneko 2015eko entzierroaldia, eta hala bedi. Lasterketa azkarrak, adarkada ugari (hamar) utzitakoak, baina, zorionez, zauritu larririk gabe amaituak. Ona da emaitza, beraz. Miurakoek zuten aurtengo balantze hau borobildu edo itsusteko aukera, eta onerako jokatu zuten. Miurakoen tradizio onenari ospe egin zioten atzoko seiek, zezen hauek berez dituzten dohain guztiak erakutsi ez ezik, hobetu ere egin zituztelako.

Entzierroari lotutako lau ezaugarri nabarmen dituzte Sevillako zezen mitiko hauek: pisu handikoak izan ohi dira, azkarrak ere bai, tropelean egin ohi dute bidea (sakabanatu gabe) eta zuzen-zuzen ibili ohi dira (burukadarik eman gabe, alegia). Iaz gertatutakoak zalantzan jarria zuen joera hau, baina juxtu honelakoa izan zen bere atzoko portaera: bikaina. Azter ditzagun lau ezaugarri horien aztarnak zehatzago.

Pisu handikoak: 600 kilo baino gehiagoko zezen gutxi izan da aurtengo sanferminetan, baina Miurak langa hori sobera gainditzen zuten bi ekarri zituen Iruñera. 645 kilo zituzten, beren azken egunean, “Sobervio” [sic] zein “Rayito” izenekoek. Ikaragarria; are harrigarriagoa abiadurari kalte egiten ez dionean.

Azkarrak baino azkarragoak: baliteke, ez dago frogatzerik, atzokoa korrikalariak daudenetik inoizko azkarrena izatea. Ez da inoren gogoan bi minutu eta bost segundokoa baino entzierro motzagorik. Datu fidagarriak ditugunetik, 1990eko uztailaren 14koa izan zen azkarrena: 2.10ean amaitu zen. Hedabide batzuen arabera, 1975ean korritutako batek bi minutu baino gutxiagoko iraupena izan zuen, baina beste batzuen arabera 2.20 inguruko iraupena izan zuen.

Tropelean: Miurakoen ohiko «adiskidetasuna» agerian geratu zen atzo, hasieratik bukaera arte. Zezenak ez ziren kideengandik batere aldendu; telebista irudiei begira, esan daiteke lehenengo eta azkeneko adardunen artean hamar metro baino gehiago ez zirela izan ibilbide osoan. Gainera, kabestruek ondo babestuta eta kale erditik egin zuten bide osoa, hormetara hurbildu gabe.

Eta zuzen-zuzen: 850 metro bi minutu eta bost segundoan zeharkatzeko, ez dago denbora galtzerik, eta zinez Miurakoek ez zuten batere galdu. Aukera batzuk izan zituzten, lasterketaren bigarren partean, batez ere Telefonicako jaitsieraren ezkerreko aldean zein zezen plazako sarreran, nahigabean pilatutako edo eroritako korrikalariak adarren aurrean aurkitu zituztenean. Baina ez batean ez bestean ez zuten eraso egiteko keinurik egin. Ikaratzeko modukoa izan zen bigarren unea, neska bati adarra gertu-gertutik pasatu zitzaiolako eta gero lurrean zen korrikalari batek ere lepotik oso hurbil nabaritu zuelako. Adarkadarik gertatu izan balitz ere, ezin zatekeen esan Miurakoaren errua izan zenik, ez baitzuen adarkatzeko inolako gogorik agertu.

Erietxera lau lagun eraman zituzten, guztiak kolpeen ondorioz. 46 urteko iruindar bat, buruan eta aurpegian zauritua; 23 urteko uhartearra, besoan kolpea zuela; 40 urteko Guadalajarako korrikalari bat, kolpe asko jasan izanaren ondorioz; eta Madrilgo San Sebastian de los Reyeseko 37 urteko gizona, buruan eta bizkarrean kolpatua.

Bosgarren zauritu baten berri ere eman zuten, baina gero informazioa zuzendua izan zen, ez baitzen entzierroaren ondoriozko lesioa. Hondarribiko 20 urteko neska bat Udaletxe Plazaren aldean hesitik erori zen eta hartutako kolpea zela-eta erietxean artatu behar izan zuten; azkar eman zioten alta.