15 JUL. 2015 Erromatar garaiko obra bat hartuko du urrira bitartean Arte Ederren Museoak GARA BILBO Obra Gonbidatua programaren 50. deialdiak K.a. I. mendekotzat jotzen den erretratu erromatarra dakar Bilboko Arte Ederren Museora. Pieza Jerez de la Fronterako Udal Museo Arkeologikotik ekarri dute eta Bilbon egongo da urriaren 12ra arte. Obra Gonbidatua programan aurkezten den pieza gizonezko baten erretratua da, proportzio naturalekoa eta Mesas de Asta aztarnategian aurkitutakoa. Aztarnategi hori iturri hispaniar-erromatarrek aipatzen zuten Hasta Regia kolonia da, Jerez de la Frontera hiritik 11 kilometrora dagoena eta Behe Guadalquivirreko gune garrantzitsuenetakotzat hartua dena. Pieza ale ertaineko marmol zuriz eginda dago, 0,36 cm-ko altuera dauka eta ondo kontserbatuta dago, nahiz eta haustura txiki batzuk sumatzen diren sudurrean, bai eta zenbait narriadura ere kokotsean eta bekokian. Pieza XIX. mende amaieran aurkitu zen, Jerez-Trebujena errepideko lanetan ari zirela.