GARA Euskal Herriko egunkaria
Arrauna

Batzuen poza, besteen etsipena

Hondarribiak Ligako bosgarren garaipena lortu zuen Portugaleten, berriz ere traineruarekin arazoak izan zituen Urdaibairen aurretik.


Hondarribiak Ligako bosgarren garaipena lortu zuen Portugaleten, Kaikuk antolatutako VII. Ambilamp Bandera, zazpi jardunaldi baino jokatu ez direnean. Sailkapen nagusian hamabi puntuko aldea ateratzen dio jada Urdaibairi, bigarren sailkatuari, eta sinesgaitza badirudi ere, uztaileko hirugarren astebururako San Miguel Liga ia erabakita gelditu dela esan daiteke.

«Liga ez dugu botako, hori inoiz ez, baina esan beharrik ez dago oso zaila daukagula. Agian, ez da une txarra beste helburu batzuk begiratzen hasteko», adierazi zuen nahikoa etsita Agustin Aramburu bermeotarren presidenteak atzoko estropada oraindik ere jokoan zela. Helburu horietako bat asteazkeneko Euskadiko Txapelketa izan ote daitekeen galdetuta, «ba, agian bai», onartu zuen Aramburuk ETBko kameren aurrean.

Kontua da Hondarribiari dena ongi irteten ari zaion bitartean, Urdaibairi ezbeharrak pilatzen ari zaizkiola. Larunbatean Orion tosta eta arraun batekin arazoak izan omen zituzten, eta atzo lehen irteera bertan behera gelditu zen Javi Poloren hankako tosta apurtu egin zelako. Hiru segundoko zigorra bizkaitarrentzat eta beste urduritasun une bat arraunlarientzat.

Bigarren irteeran ez zen arazorik izan, eta lehen luze parekatuaren ondoren, “Ama Guadalupekoa” aurreratu zen bigarrenean. Orbañanosek sartutako bost aldaketak ez ziren nabaritu, onerako izatekotan, eta marea apur bat igotzen hasia zela, kaleen arteko baldintzak ere dezente parekatu ziren.

Azkenean, Hondarribiak ia zazpi segundo atera zizkion Urdaibairi –ia hamar zigorra gehituta–, ia 14 Kaikuri eta 16 Oriori. Kontuan izan behar da sei ontzi sartu zirela bost segundo barruan, eta bigarren txandako lau ontziak, esaterako, aurre hartu zioten Oriori, horrek dakarren puntu galerarekin. Aldiz, bi irabazle nagusiak, San Juan, hirugarren, eta San Pedro, laugarren, izan ziren.

«Zazpi estropada jokatu eta bost irabaztea ez genuen gure amets onenetan ere espero. Eta onena zera da, hainbeste asmatu ez dugun egunetan ere bigarren edo hirugarren egin dugula. Baina ez dugu lo hartu behar, eta estropadaz estropada gure mailarik onena ematen segi behar dugu», aipatu zuen Gonzalo Carrion aurrelariak lehorrera iritsitakoan. Atzo berarekin batera arraun egin zutenak O. Alday, J. Castrillon, I. Iruretagoiena, B. Egiazu, I. Marizkurrena, M. Alday, G. Uranga, X. Etxebeste, I. Jauregi, E. Aznar, I. Sagarzazu eta I. Gonzalez izan ziren, Amunarriz patroi zutela.

Lehen txandari dagokionez, aipagarria da Meirak izan duen gorakada. Atzo Portugaleteri aurrea hartzeko zorian izan zen, nahiz eta azkenean hiru segundogatik amore eman behar izan zuten Kike Lopezen mutilek.