GARA Euskal Herriko egunkaria

Jaiak generoaren ikuspegitik aztertu dituzte UEUn

«Gaur jai ereduak genero ikuspegitik» ikastaroaren bigarren zatiari ekin zioten UEUn. Donostiako danborrada, alardea eta Baztango mutil-dantza izan zituzten mintzagai hizlariek. Gaurtik aurrera ikastaroak Iruñean emango dituzte, Jaso ikastolan.


Beatriz Moral antropologian doktoreak beste hainbatekin batera egindako ikerketa lana aurkeztu zuen Udako Euskal Unibertsitateak eskaintzen dituen ikastaroen baitan, “Gaur jai ereduak genero ikuspegitik” ikastaroari jarraipena emanez. Bere hitzaldian Donostian egiten den danborrada izan zuen mintzagai, genero ikuspegitik. Ohitura errotu zenetik gaur egungo egoerara arteko ikerketa lana egin du eta horren berri eman zuen.

«Gerra aurretik arrunta zen emakumeak ikustea danborradan, baina horren ostean inboluzio bat gertatu zen, eta gero, iraultza», argitu zuen Moralek. Danborra jotzearen auzia apur bat alde batera utzi eta egun horretan egiten den afarian zentratu zen gero. Antza denez, elkarte gastronomiko guztiak ziren gizonenak garai batean, eta gaur egungo gehienak ere horrela dira antza, eta badago emakumerik onartzen ez duenik.

Xabier Kerexetaren txanda izan zen gero eta alardearen inguruan aritu zen bera: «Kultur-ondare materiagabea ezin da kontserbatu, ez baita materia; gainera, urtean behin gertatzen da, nola kontserbatuko da beraz?», bota zuen. Ohitura horrek berarekin dakartzan genero-diskriminazioez aritu zen ondoren. «Herri ohituretan» hartzen diren erabakiak nortzuek hartu ohi dituzten aztertu zuen, eta publikoak ote diren zalantzan jarri zuen.

Garbiñe Elizegi, Baztango alkate ohia, mutil-dantzei buruz mintzatu zen. Duela urte askotako ohitura da mutil-dantza, izenak berak dioen bezalaxe, mutilek bakarrik egiten zutena. Gerora, ordea, janzkera, ordua eta adin tartea ere aldatu egin ziren. Handik gutxira, emakumeak ere parte hartzen hasi ziren, eta arazo handirik sortu ez arren, mutil-dantza galtzen hasi zen apurka-apurka. Egun, berreskuratzen joan da, eta badaude parekideak diren taldeak ere, nahiz eta herri batzuetan tartean emakume bat sartuz gero txistulariak jotzeari uzten dion.