08 AGO. 2015 JO PUNTUA Herrikoak, herriarenak Floren Aoiz @elomendia Epaiketaren hasieratik antzeman genuen: herrikoak nahi zituzten. Ez zegoen argi zer gertatuko zen epaitutako gizon eta emakumeekin, baina elkarteak tresneria errepresiboaren jo puntuan jarrita zeuden, nabarmenki. Estatuak hozka egin behar zuen, sumarioa ireki zenetik urte gehiegi pasatu ziren pertsonen kontrako ohiko epaiak ezartzeko eta nonbait kokatu behar zen faktura. Herrikoak herriari kentzea zen helburua eta hala etorri da, urte baten bueltan, Espainiako Erresumaren Epaitegi Gorenaren erabakia. Aspertu arte aditu dugu ETAren porrotaren errelatoa, baina espainiar eta frantziar estatuek ederki dakite ez daudela garailearen jarreran, eta horregatik hain zuzen ere, irabazlearen irudia emateko obsesioari eusten diote: berdin da zer gertatu den, garrantzitsuena da nola kontatzen den. Eta beren narratiba errepresioaz eraiki nahi dute, beti egin duten moduan. Sinplea da: gerla harrapakina hartzen duena garailea da. Estatu zapaltzaileen logika halakoa da, mendeetan sedimentatutako indarraren nagusitasuna. Herritarren gogoan ezarri nahi izan duten menpekotasunaren adierazpena: guk agintzen dugu, zuekin eta zuen ondareekin nahi duguna egiten ahal dugulako. Oraingoan, nolabait, errepresioaren mintzoa aldatu da, beharbada zuekin ez baina zuen ondare kolektiboez bai. Herriarenak dira herrikoak. Herriak abiarazi zituen eta herriaren bizitza kolektiboaren ikurrak dira. Zenbat ahalegin, zenbat bizipen, zenbat zapuzketa, zenbat oztopo, zenbat ustekabe, zenbat poz, zenbat ongietorri, zenbat estualdi, zenbat mehatxu, zenbat eraso, zenbat begirada, zenbat muxu, zenbat dantza, zenbat kanta, zenbat kopa altxatuta… Hori dena kendu nahi digute. Erasoaren helburua gure herria indargabetzea da. Erantzunik onena, herriaren indartzeari indar oroz eustea. Hitzordua dugu larunbat honetan Donostian, herrikoak herriarenak baitira. Erasoaren helburua gure herria indargabetzea da. Erantzunik onena, herriaren indartzeari indar oroz eustea