08 AGO. 2015 «Macron legea» indarrean da, artikulu batzuk izan ezik Gorabehera eta polemika ugariren ostean, Aldizkari Ofizial frantsesak atzo iragarri zuen «Macron legea». Konstituzioarekin talka egiten dutela-eta, artikulu batzuk kanpoan geratu dira oraingoz. Arantxa MANTEROLA BAIONA Ekonomiaren hazkundea, jarduera eta aukera berdintasuna bultzatzeko xedearekin Emmanuel Macron Ekonomia ministroak sustatutako legea abian da, ofizialki, atzoz geroztik. Legea gorabehera eta polemika artean sortu da, barnebiltzen dituen zenbait neurrik aurkakotasun itzela aurkitu baitute, baita gobernuan den PS alderdiko diputatu eta senatarien aldetik ere. Eztabaidak eta kontraesanak hain agerikoak izan dira, ezen gobernuak berak legea aurrera eramateko ezohiko prozedura erabiltzea deliberatu zuen. Hala, Asanblea Nazionalean beharrezko gehiengoa lortzeko zituen zailtasunak ikusirik, Manuel Valls lehen ministroak bi alditan 39. artikuluari eutsita urgentziazko dekretuaren bidez onartu da. «Debate demokratikoa» baztertu dela iritzita, manera horiek ere kritika iturri izan dira. Konstituzioaren aurkakoak Aurkakotasun batzuek, halere, fruitua eman dute. Izan ere, legearen zatirik handiena onartua izan den arren, abuztuaren 5ean Kontseilu Konstituzionalak artikulu batzuk atzera bota zituen. Horien artean, nagusiena, lantokitik ganorazko arrazoirik gabe kanporatzeagatik kalte-ordainak kalkulatzeko moduarena dago. Antzinatasunaren eta enpresaren tamainaren arabera finkatutako baremo batzuk proposatzen zituen gobernuak. Sindikatuek, eskuinak eta baita sozialisten zati batek ere desadostasun argia azaldu zuten neurri horrekin. Orain, Kontseilu Konstituzionalak berak arrazoi eman die, «legearen aurrean berdintasun printzipioa» urratzen duelakoan. «Oinarria ontzat eman» duela eta kalte-ordainen kalkulurako soilik enpresaren tamainaren zatia [langileen kopuruari dagokiona] jarri duela zalantzan uste du, ordea, Vallsek. Horrenbestez, «moldaketa» batzuk aurkituko direla esan du. Medef ugazaben sindikatu nagusiak eskaera bera egin dio. Bruno Lafontaine Ipar Euskal Herriko patronalaren presidenteak ere «helburua enplegua sortzea izaki, lehenbailehen irtenbide bat» aurki dezala eskatu dio. Atzera botatako beste neurrien artean, Merkataritza Ganberen erreformarekin, alkoholari buruzko publizitatearekin, justizia tasekin edota sakonean gordeta dauden hondakin nuklearren kudeaketarekin zerikusia dutenak daude. Gehienetan prozedura arazoengatik izan denez, gobernuak berriro Asanblea Nazionalean aurkeztuko dituela iragarri du Lehen ministroak. 308TIK 17 ATZERA«Macron legearen» artikulu gehienak onartuak izan dira. Kontseilu Konstituzionalak 17 bota ditu atzera, horietatik 12, prozedura arazoengatik.