11 AGO. 2015 KANPORAKETA Hirugarren Mailako finalerako hiru txartel prest daude J.L. Euskal Herriko aizkolarien txapelketak hastera doaz, eta Leitzako plazan jokatuko da gaur bertan aurreneko norgehiagoka. Izan ere, hantxe, 19.00etan, Hirugarren Mailako aurreneko kanporaketa jokatuko da. Bi multzo dira eta bakoitzetik aurreneko hirurak sailkatuko dira final handia jokatzeko. Bigarrena Gorritin jokatuko da hemendik bi astera. Aitor Jauregi, Aritz Irazabal, Xabier Garcia, Done Intxausti, Jokin Alkizalete, Arria V.a, Goizeder Beltza, Eneko Saralegi, Joxeantonio Etxeberria, Mielanjel Etxeberria eta Oier Kañamares izango dira lehian arituko diren aizkolariak. Bakoitzak, lau kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta aurreneko hiruretan sartzea izango da helburua, bestela finalean izateko aukerarik ez baita izango. Zerbait gertatu ezean, Arria V.ak irabazi beharko luke saioa, eta berarekin batera aurrera egiteko borroka handia aurreikusten da, nahiz eta Saralegiren eta Alkizaleteren izenak agertzen diren faboritoen artean.