19 AGO. 2015 Beste gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikoteak genero indarkeria salatu ostean Maialen ARRATIBEL GASTEIZ Genero indarkeria leporatuta, udaltzaingoak 45 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean, Gasteizko Zabalgana auzoan. Haren bikotekideak «etenik gabeko tratu txar fisiko zein psikologikoak» salatu zituen, baita heriotza mehatxuak ere. Egoera horren aurrean, emakumezkoak babes eske deitu zuen udal zerbitzuetara. Udaltzaingoak, arratsaldean hartu zuen atxilo eta atzo goizean bertan gelditu zen epailearen esku. Azken hau kontuan hartuta, zazpi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen, abuztuan, genero indarkeria leporatuta, haietako bost Andre Mari Zuriaren jaietan. Bestetik, Getxon asteburuan jazotako sexu erasoa gaitzesteko, elkarretaratze isila egin zuten atzo arratsaldean. Udal ordezkaritzak deituta, Geltokiko Plazan bildu ziren herritarrak, hamar egunetan izan den laugarren erasoa salatzeko.