24 AGO. 2015 KIROLA Iker Vicentek aurreikuspenak bete egin ditu Otsagabiko aizkolaria oraindik gazte mailan aritzeko adinean dago, bainadatorren urtean onenekin batera lehiatzeko aurreneko pausoa eman du jada. Jon LEUNDA Iker Vicentek, Ruben Saralegik, Jexuxmari Mujikak, Luix Txapartegik, Aratz Mugertzak eta Arkaitz Jauregik lortu zuten atzo Lakuntzan, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatzeko txartela. Irabazlea, gainera, kanporaketako gazteena, Iker Vicente, izan zen. Oraindik gazte mailako aizkolaria da, eta datorren urtean onenekin aritzeko aurreneko urratsa eman zuen. Hautagai asko zeuden finalean izateko, eta sei laguntzentzat bakarrik zegoen lekua. Jakin bazekiten inork ez zuela maila galduko, izan ere, Lasak eta Telletxeak uko egin zioten parte hartzeari, eta eurak izango dira datorren urtean Hirugarren Mailan aritu beharko dutenak. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztu behar izan zituen. Iker Vicentek lan bikaina egin zuen, eta denborarik onena berea izan zen. Lan guztiak burutzeko 16 minutu eta 2 segundo behar izan zituen. Atzetik, gainera, bere lehengusua sailkatu zen, Ruben Saralegi, eta honek Otsagabikoak baino 15 segundo gehiago behar izan zituen. Hirugarren postua izan zen Jexuxmari Mujikarentzat. Ibarrakoak lanak 16 minutu eta 38 segundoan amaitu zituen. Saralegik eta Mujikak iaz galdu zuten Lehen Maila, eta berriz ere maila nagusira itzultzeko lehen pausoa eman dute, nahiz eta finalean bi txartel bakarrik egongo diren gora igotzeko. Luix Txapartegi sailkatu zen laugarren postuan. Aizarnako aizkolari beteranoa ez zen gaizki aritu, eta bere lanak 16 minutu eta 39 segundoan amaitu zituen, eta bera ere finalean arituko da. Aratz Mugertza mutrikuarrak ere ez zuen hutsik egin, eta azkeneko ekinaldian izango da. Lanak 16 minutu eta 54 segundoan bukatu zituen. Sailkatzen azkena, Arkaitz Jauregi izan zen. Ilarduiakoak 17 minutu eta 26 segundo behar izan zituen egin beharrekoak egiteko. Saririk gabe geratu zena Eneko Otaño izan zen. Beizamako gaztea iaz finalean izan zen, baina atzo Jauregik baino 20 segundo gehiago behar izan zituen, eta, azkenean, finaletik at geratu zen. Bere atzetik, Zaldua (18.12), Kañamares III.a (18.24), Senosiain II.a (18.55), Mieltxo Mindegia (20.50) eta Oihan Larretxea (24.06) sailkatu ziren. Kanporaketa hau ikusteko ere jende asko batu zen Lakuntzako plazan eta ziur ez zirela bertaratu izanaz damutu, emozioz beteriko saioa izan baitzen.