25 AGO. 2015 Zentro modernoa ireki dute Baionan hiru klinika txiki elkartuz GARA URRUÑA Belharra izena eman dio Capio nazioarteko enpresa suediarrak Baionan ireki berri duen klinikari. Orain arte hiriko erdigunean zeuden Lafourcade, Paulmy eta Saint Etienne zentro txikiak autobideak elkartzen diren tokian kokatutako eraikin moderno batean elkartu dituzte. 255 ohe eta 18 ebaketa gelarekin urtero 50.000 paziente jasoko dituela espero dute. Punta-puntako teknologia eta azpiegiturekin, eta lehengo osasun zentroetako langileekin, eskualde mailan erreferente bihurtzeko xedez sortu da. 30.000 metro koadroko gunea atzo jarri zen abian osotasunean. Abuztuaren 3tik leku aldaketa mailakatua egina zuten, hainbat zerbitzu garatuz. Duela hamar egun lehen pazienteei harrera egin zieten eta joan den astean lehen jaiotzak ere izan ziren bertan. Elkartutako zentroetan eskaintzen ziren medikuntza, kirurgia eta obstetrizia jarduerez gain indar berezia ezarri dute egunean berean klinikatik ateratzeko aukera ematen duten ebaketetan. Larrialdi zerbitzua ere bada. Baionako Ospitalearen eta Belharra klinikaren bidez, osasun zerbitzu gehienak Ipar Euskal Herrian jaso ahal izatea da xedea. Orain artean Bordelera edo Okzitaniako Tolosara joan beharra zuten maiz herritarrek. Berritzailea Material berritzailea ezarri dute Belharra klinikan, bai medikuntza mailan, bai pazienteen harrerari dagokionez. Berritasunak arkitektura eta antolaketan atzematen dira, baita geletan pazienteen esku jarritako baliabideetan ere: «Gela denek teknologia berrietara sarbidea dute, hotel baten antza izan dezaten klinika batena baino».