13 SET. 2015 Arrauna Baldintza zailak, emozio gehiago Haize bolada indartsuek eta metro inguruko olatuek are gehiago irekiko dute gaur Kontxako estropaden bigarren jardunaldiko lehia. Asier AIESTARAN Hondarribiari eta Urdaibairi gizonezkoen mailan; Pasai Donibaneri, Hibaikari eta Zumaiari emakumezkoenean, iritsi zaie zirt edo zart egiteko eguna, gaur jokatuko den Kontxako bigarren jardunaldian (11.00, Etb1). Izan ere, lehen igandeak utzi zituen alde estuak kontuan hartuta, eta aurreikuspenek gaurko erakusten dituzten haize eta itsaso baldintza aldakorrek, ikuskizuna ziurtatzen dutela esan daiteke. Hondarribiak 1,92 segundoko aldea defendatuko du Urdaibairekiko gizonezkoen estropadan. Oso errenta eskasa, azkenean gaurko espero diren metro beteko olatuak eta haize bolada indartsu eta aldakorrak betetzen badira. Beti bezala, kale zozketan hasiko da bandera erabakitzen, eta uretara irtendakoan goi-mailako lehia eskainiko dute ziur bi ontziek. Bi horiek, eta baita gizonezkoen mailako beste sei traineruek ere. Hor lehiarik ederrena Orio eta Kaikuren artekoa izan daiteke hirugarren postuaren bila: gipuzkoarrek 1,38 segundoko errenta dute bizkaitarrekiko. Eta adi ibili beharko dute Pasai Donibanerekin, zazpi segundora baitaukate traineru arrosa. Emakumezkoei dagokienez, Donibanek 2,14 segundoko abantaila du Hibaikarekiko eta hiru segundokoa Zumaiarekiko. Egia da hauek ibilbide laburragoa dutela, baina hala ere ez dirudi alde horiek nahikoa izango direnik banderaren lehiarako. Hemen ere kale zozketak zeresan handia izango du, eta baita ontziek itsaso zabalera moldatzeko erakusten duten gaitasunak ere. Oriok osatuko du txanda, baina lehen jardunaldian 13 segundoko galera izan zuten. Europarlamentarien bisita Egunak kuriositate asko utziko ditu, bai uretan bai portuan, eta horietako bat Europako Parlamentuko hainbat kidek Donostiara estropada ikustera egingo duten bisita izango da, Europako Kirolaren Astea dela-eta. Horien artean egongo da, esaterako, Bogdan Wenta poloniarra, Bidasoko jokalari ohia. Realak ahalbidetutako ekimena omen da europarlamentarien bisita.