13 SET. 2015 ZORROZTARRIA Bihar irakurtzekoa Julen MURGOITIO Ohi legez, teklatu aurrean nabil zutabe horizontala zertaz bete erabaki nahian. Izan ere, hamaika kontu ditut buruan aukeran, eta anabasan, astean han-hemen izandakoek utziak. Eta euskaraz ez dago hamaika baina gehiagorik! Bai, erabakia hartu behar dut, di-da, zer kamuts utzi baina, batez ere, harrian zer zorroztu erabaki, honetaz edo hartaz baina teklatua abian jarri! Erabaki eskubidea gauza bat da, eta erabakitzea beste bat, bestelakoa. Tira, tiradera zabaldu eta paper zati batean idatzita, neure ordenan betiere, ditudan asteko kontuen zerrendari begiratu diot, lehentasunak ezartzeko. Ea ba! Kuotena hor da, berriro, esnearena, errefuxiatuena, ezkerreko hautagaitza komunena... ez, bazter utziko dut hau, zutabe horizontala baino gehiago beharko bainuke, karaktereek ezin mugatu esparrua behar ere! Horra, plastiko beltzen urterokoa! Baina ez, euskaraz ez ditut oraindik ikasi horretaz gogoeta serioa egiteko beharko nituzkeen beste birao esanguratsu; tradizioaren nazkan geratzen naiz, berben sentimenduan haratago joateko ezinean. Tira, hortxe ere leihoak aldatzeko renove zer horrena, legebiltzarreko ganberan behintzat leihoak ipintzeko baliatuko balute! Airea berritu eta haizea sortzeko, horren beharra baitu gainbeheran ez joateko. Edo Atapuercakoa, edo Kataluniako erakustaldia… Baina... gaurkoa zeinek irakurriko? Prentsa-dendan jende ilara ikusi berri dut eta segituan gogora ekarri ere: gaur GARAk “Kutixi Erotikoak” eskaintzen ditu, fitxatan. Kontxo! Dendan abade bat ere ikusi dut, fitxa-kutxa “Deia”n bildua atera dela. Ohiko irakurleek fitxena gauzatzen pasatuko dute eguna, fitxak ohe-orria hartuta. Baina, agian, fitxen arteko aldian batzuk balkoira aterako dira, erretzera, eta beste batzuk komunera sartuko, hustera. Azken hauei eskainia da gaurko zutabe horizontala. On egin!