GARA Euskal Herriko egunkaria

Udari, udazkenari, edo dena delakoari


Uda amaitzear da. Jada nabarmen igartzen da udazken giroa gainean dela. Eguna, egunetik egunera, laburragoa da, eta egunsentiko freskurak babes hartzera behartzen gaitu. Hondartzak, berriz, gero eta lasaiago daude. Desertuan desagertu dira jende uholdeak, hondartzetako eremu mugatuak, kolore anitzetako banderak, sorosleak eta haien bozgorailuetako oharrak, patata frijitu saltzaileak, putzuzuloetako haurrak eta haien jostailuekin jolasean dabiltzan guraso prestuak.

Desagertu dira ur berotako surflari eta olatu gabeko surferrak. Non dira udan Europatik migratzen duten ilehoriak eta beraiekin ekarritako moda puntakoak? Non sartu dira hegoaldetik igotzen diren nahigabeko kolono eta aberats handiusteak? Eta eltxoak? Gau sargorietan belarri ondoan dantzan izaten ditugun intsektu maitagarriak, kolpe batean horman betiko odol marka uzten dutenak...

Faltan botako ditugu herrietako festak, gure begi niniak puztu eta bista alaitzen diguten neska-mutil gazteen elastiko estuak, bazkalosteko izozkiak eta gau epeletako garagardo hotzak. Lagunak oparitutako sasoiko fruitu eta barazkiak, baita neguan gehiago ikusiko ez ditugun hondartzetako dutxak ere. Adio uda, abesti ziztrin bat ere merezi ez duzun ustezko laguna.

Eta joan dira udatiarrak, eta garai batean “uda sur” deitzen genituenak, baita inoiz etorri ez ziren marmokak ere, eta itsaslasterretako gorbelak, eta arrotzak zaizkigun baina ohiko diren fenomeno naturalak, eta tartekako bisitariak, eta urteroko turistak eta Santiago bidea jarraitzen duten erromesak eta haien oin lorratzak,... eta etxekoak geratzen gara. Onenak. Betikoak eta betiko miseriak. Betiko lagun, tarteko masa eskas erraldoi eta bestaldeko etsaiak. Errespeturik merezi ez dugunak, ez dutenak eta tarteko horiek denak. Jendea eta bere eskubide santuak.

Zein ederra den udazken usaina, hondartzetako lasaitasuna, berriz ere hankapean itsasten zaizkigun zakurren kakak eta haien jabeen helmuga gabeko joan-etorriak. Afrikatik goxo-goxo datorren hego haizea, itsaski sendoak eta olatu onak. Zain geunden, bazen garaia, pikutara gainontzekoak! Ahaztua nuen, ordea, puntu honetara iristean burura etortzen zaidan lehen esakunea: «Okerrenak etxekoak!».