GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRETIRATU

BERRORDAINTZEAREN ALDEKOEI BOTORIK EZ EMATERA DEITU DUTE

HAMABI BOTIKA BEHAR DITUENEZ, JOSE MARIA LARRETAK GORRIAK IKUSTEN DITU HILABETE BUKAERARA IRISTEKO. EZ DAKI NORA JO LAGUNTZA ESKE. MEDIKAMENTU BAKARRAREKIN, «SINBOLIKOA» DA RAKEL CALVOREN GASTUA, BAINA BERAK ERE «JUSTIZIA» ALDARRIKATZEN DU.


Astelehen goiza, herritarrak eta autoak harat-honat dabiltza Donostiako Askatasunaren etorbidean. Erretiratu eta pentsiodun taldea elkartu da Banco Santanderren parean, obretan dagoen espaloian. Duintasuna elkartetik datoz, jendeari botikak berriz ordaintzea bultzatzen duten alderdiei botorik ez emateko eskatzeko. Lelo horixe duen pankartaren gibelean kokatu dira. Megafonotik manifestu bat irakurri du ordezkari batek. Bertze batzuk esku-orriak banatzen dabiltza pasatzen den jendearen artean. Aunitzek hartu eta interesez irakurtzen dute testua.

Adin desberdinetako lagunak bildu dira; gehienak gizonak, baina emakumeak ere bai. Komentatu digutenez, lehen ez ziren egoten. Aurrerago, Arrosa Borda azpeitiarrak emanen digu genero ikuspuntua. Orain, goazen elkarretaratzea azaltzera.

Duintasuna Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen elkarteak, Araba eta Bizkaiko zenbait eragilerekin batera, Gasteizko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat aurkeztu du EAEn bizi den pentsiodun oro osasun gastuetatik salbuetsia izan dadin eta gastu horren kargu EAEko Administrazioa egin dadin aurrekontu orokorren bidez. Gaur-gaurkoz Parlamentua osatzen duten alderdien esku dago berrordainketa sustatzen segitzea edo kentzea.

Oroitu dutenez, 2012ko apirilaren 26ra arte sendagilearen errezetarekin ez zuten deus ordaintzen, bizi osoan gastu horiei aurre egiteko adina lan egin dutela ulertzen baitzen. Baina «zorigaiztoko data horren ondoren, 400 botika Gizarte Segurantzatik atera eta %100 ordaindu beharrean gaude. Gainerakoengatik %10 ordaindu behar dugu. Zigor erantsia, kontuan izanda pertsona helduen ehuneko altu batek gaitz kronikoa dutela eta medikazio iraunkorra behar duela».

Azaldu dutenez, gaitz kronikoa duten adinekoen %30ek dagokien botika hartzeari uzten diote sarrera ekonomiko eskasak dituztelako eta horrek beren osasuna kaltetzen du.

Mobilizazio kanpaina egin eta 46.000 sinadura eraman zituzten Gasteizko Legebiltzarrera berrordainketaren aurka, eta ondorioz konpentsazio sistema bat sortu zen 18.000 euro baino gutxiago irabazten zutenentzat. Sistema honek «oso gaizki» funtzionatzen du, ordea, eskaerak banaka eta idatziz egin behar direlako eragiten dien pertsonei zuzenean aplikatu beharrean.

Gipuzkoan, adi

Alex Oiartzabal azpeitiarra da, baina Donostian bizi da. 73 urte ditu eta, esplikatu digunez, «oso kasu arrunta» da berea: kolesterola eta azido urikoa zaintzeko botikak hartzen ditu eta balio dutenaren %10 ordaindu behar izaten du. Bere kasuan «gutxi» da, baina orokorrean «lapurreta» dela deritzo.

Gauza bera gertatzen zaio Rakel Calvo donostiarrari. 62 urte ditu eta erretiratua dago. «Oxidal bakarrik hartzen dut lo egiteko, gastua ez da euro batera iristen, baina emozionalki eragiten dit, ez baitago justiziarik». Haserre mintzatu da Rakel eta idazteko bere hitzak moldatu beharko ditugula abisatu digu.

«Jubilatuok ere borroka dezagun!» oihukatuz buelta bat eman dute. 1.000 eurotik gorako diru-sarrerak eta emakumeentzako pentsio duinak ere eskatzen dituzte, Arrosa Borda azpeitiarrak agertu bezala, «murrizketa guztiek emakume aurpegia dutelako». «Sekulako lan soziala egiten dute eta gero, beren burua zaindu ezin dutenean, ez dute errekonozimendurik jasotzen», salatu du. Pentsio apalenak jasotzen dituztenen artean daude. Gipuzkoan, azken lau urteotan lan handia egin dela eta egoerarik onena bertan dutela nabarmendu du Arrosak. Diputazio berriak murrizketarik egin ez dezan zaintzen ari dira.