12 NOV. 2015 PILOTA Motzean ere moldatzen dira Ausardia da, Oinatz Bengoetxearen ustez, Mikel Urrutikoetxea Lau eta Erdian sekula baino urrutirago heldu izanaren sekretua; Zaratamokoak, berriz, faboritotzat jotzen du «goiko biekin aspalditik dabilen» leitzarra. Jon ORMAZABAL Sarri Aimar eta Irujo handien itzalpean egon diren arren, dudarik ez dago Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxea direla 2015 honetako bi pilotari nabarmenenak. Eurek jantzi dituzte oraingoz jokoan ziren bi txapelak eta azken hilabeteetan hartutako konfiantza eta jokoarekin, orain arte horren zail egiten zitzaien kaiolan ere edonori aurre egiteko gai direla erakutsi du batak zein besteak. 2012an, sanferminetako txapelketetan antzematen zitzaion ahalmen ikaragarria konfirmatu zuen leitzarrak, kaiolako finalerako sailkatuz, Aimar Olaizolak aukerarik eman ez zion Gasteizko finalerako (22-9). Hala ere, harrezkero finalerdietarako beti sailkatu den arren, langa gaindiezina egin zaio eta aurten aukera ezin hobea dauka urteko hiru final nagusietarako sailkatzeko. Hala ikusten du behintzat, faborito garbitzat jotzen duen Mikel Urrutikoetxeak. «Oinatz beti da oso aurkari deserosoa eta urte honetaz harago, beti dago hor goran Aimar eta Irujorekin. Oso pilotari konpletoa da, postura guztietatik erritmo handia ezartzen du eta joko horretan moldatu beharko dut eta, ahal badut, tantoetan agintzen saiatu», azaldu zuen Zaratamokoak. Bat-bateko eztanda Oinatz Bengoetxearena aspalditik datorren garapen prozesu gisa ikus badaiteke, Mikel Urrutikoetxearena bat-bateko eztanda izan dela esan daiteke. Buruz buru kantxa osoan aspalditik sekulako dohainak sumatzen bazitzaizkion ere, lau eta erdiko marra muga handi samarra izan da beti Zaratamokoarentzat. Hala, 2010ean, debuta egin zuen urtean, baino ez zituen bi kanporaketa gainditu bizkaitarrak, eta azken bi urteetan lehen partidan kaleratua izan da. Aldaketa horren balizko arrazoiez galdetuta, Zaratamokoak aurten txapelketa prestatzeko izan duen denbora nabarmendu du. Eskuz eskukoko txapeldun izanda, Asegarcek berari eman zion Ekaitz Saralegirena behar lukeen zerrendaburu izaera eta horrek aurreko urteetan izan ez zuen entrenatzeko aukera eman dio. «Prestatzeko askoz denbora gehiago izan dut aurten. Ez niretzat bakarrik, pilotari guztientzat lau eta erdiko marra muga handia izaten da, sakea ere hirua eta bostaren artean sartu behar izaten da eta horretarako entrenatzeak asko balio du. Gero, egia da Irujoren aurka lehen partida irabazteak ere konfiantza eman zidala eta hori oso baliagarria izan zait», azaldu zuen. Oinatz Bengoetxeak bestelako aldaketarik ere ikusi du. «Ausartago jokatzen du. Beti defendatu izan du ikaragarri, pilota ateratzeko erraztasun handia dauka eta hori bere aurka aritzeko oso txarra da, errematatzeko bigarren aukerarik ez duelako ematen, baina kolperik handiena errematean eman du, gehiago bilatzen du eta duen garaierarekin, kantxa erditik gantxoz eta boleaz min handia egiten du». Pilota oso antzekoak aukeratu dituzte Bataren eta bestearen dohainak eta jokatzeko moduak ezagututa, ez dirudi Mikel Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxeari antzeko materiala komeni zaienik, baina bestelako pilotarik ere bazen arren, biek oso berdintsuak aukeratu zituzten larunbateko finalerdirako. «Oso pilota egokiak dira laurak; nireak agian erreakzio azkarxeagokoak dira, toke pixka bat gehiago dutenak, baina bereak ere oso pilota onak iruditu zaizkit; oso antzekoak dira laurak, hobe ezin», azaldu zuen Oinatz Bengoetxeak, eta antzera mintzatu zen bere aurkaria ere. Labriten jokatu zuten Buruz Buruko finalerdia ere eta orduko hartan erraz nagusitu zen nafarra. Hala ere, ez du uste Iruñean jokatzeak inolako mesederik egiten dionik. «Pilotaleku motel samarra da eta niri pilotaleku azkarxeagoak gustatzen zaizkit. Hori bai, Bilbokoa askoz okerragoa da niretzat eta alde horretatik nahiko pilotaleku neutroa dela esango nuke», azaldu zuen leitzarrak.IJ.O. DENBORA Mikel Urrutikoetxeak zerrendaburu izateak aurten txapelketa prestatzeko eta lan egiteko eman dion denboran ikusten du bere hobekuntzaren giltza. Irujori lehen partida irabazteak ere konfiantza handia eman omen dio.