23 NOV. 2015 Ametsetako liburua Jon GARMENDIA Idazlea Hain da gauza unibertsala eta partikularra ametsa, hain denona eta hain norberarena, ezen zuri-beltzez egiten direla segurta daitekeen ere zalantzan baitut. Eta zerua galdera erretorikoz jos nezake, ametsen nondik norakoen erantzunen xerka. Maitagarri zait John Lennonek betiko utzitako esaldia, non norberak egindako ametsak soilik ametsak direla erraten zuen, baina elkarrekin egindakoak errealitate bat direla azpimarratzen. Gure herrian amets kolektiboak aspaldi daude goiztiriaren zain, lehen eguzki printzek masaila ukitu orduko ametsak hor jarraitzen duen edo noiz beteko den egikaritzeko bidean. Bide luzean. Presoak zer amesten du? Edo preso izan aurretik zer amesten zuen? Eta haren zain dagoenak? Eta hura ikusteko ehunka kilometro egiten dituenak? Eta ezagutu gabe preso, senide eta lagun horien alde dagoen herritarrak? Zer amesten du etxetik ihes egin zuenak? Eta etxera itzuli nahi duenak? Edo etxera itzuli nahi ez duenak? Ai ama, zenbat galdera. Horietako batzuek erantzuna izango dute aurkeztu berri den “Ametsen liburua”-ri esker, urte luzeak kartzela zokoan amesten egondako Jokin Urainek askok amestutako liburua ekarri baitu argitara Fermin Munarrizen laguntzarekin, eta halakoen alde dauden ezezagun askorenarekin. Ezinbestekoa zelako protagonistei ahotsa ematea, eta herri honi amets egiten jarraitzeko gonbidapen zuzena egitea, denon artean egindako ametsak errealitate direlako.