13 DIC. 2015 DENBORAREN HAIZE BOLADEK ERAMAN EZIN IZAN DITUZTEN OROITZAPENAK HISTORIAREN GAINEAN LURRA BOTA NAHI IZAN ZUTEN, FAXISMOAREN ONDORIOZ HILDAKOEN GORPUEN GAINEAN BEZALA. BAINA EGIA BETI AZALERA ATERATZEN DA ETA HURA EZ DAGO ISILTZERIK. ORAINGOAN, MAUTHAUSENGO KONTZENTRAZIO ESPARRUAN IZAN ZIREN VILLABONAKO HERRITARREI OMENALDIA EGITEKO TXANDA IZAN DA. Nagore BELASTEGI Villabonako Erreboteko plazaren erdian dagoen ikurrinaren azpian zuri-beltzean erretratatutako gizonezko baten irudia jarri zuten atzokoan. Adolfo Lozano Olazabal zen, Villabonan bertan 1897ko irailaren 27an jaio. Ogibidez irakaslea bazen ere, armadan gelditzea erabaki zuen soldaduska egin ostean. Pixkanaka graduazioz igotzen joan zen. 1936ko maiatzean Concepcion Bengoarekin ezkondu zen, eta amaren izen bera duen alaba bakarra izan zuten. Haurrak ez zuen aita ezagutu: Concepcion jaio aurretik 1936ko gerra hasi zen, eta, Errepublikaren alde egin zuen Lozano atxilotu eta Mauthausengo (Austria) kontzentrazio esparrura eraman zuten. Bertara heldu aurretik Saint Cyprien, Gurs, Treves eta Gusenetik ere pasatu zen. 1941eko azaroaren 7an hil zen Mauthausenen, antza biriketako pneumoniak jota. Heriotza data eta arrazoia Mauthausengo artxibo ofizialean jasota badaude ere, kontuan izan behar da kontzentrazio esparruetan askotan gaizki erregistratzen zirela horrelako datuok. Gaur egun Concepcion Lozano Adolforen alaba makulu baten laguntzaz ibiltzen den emakume sendo eta dotorea da. Villabonako plazako ikurrinaren azpiko argazkiari samurtasunez begiratzen zion atzokoan, eta, aita inoiz besarkatzeko aukerarik izan ez bazuen ere, sekulako maitasuna diola erakutsi zuen. Eskuan muxu eman eta argazkia ukitzen zuen behin eta berriro. Plazan ez zegoen jende askorik: antolatzaileak, kazetari batzuk, Concepcion Lozano, bere seme-alabak eta biloba. Halako batean, plazako txoko batetik jendetza gerturatzen hasi zen askotariko banderak erakutsiz. «Ene, errepublikarra!», bota zuen andreak begiak zabal-zabalik bandera gorri, hori eta gorria ikustean. Une hunkigarria izan zen beretzat. Egun garbia baina haizetsua izan zen atzokoa Villabonan. Haizeak banderak gogor astintzen zituen. Iraganean ere izan ziren haize bolada indartsuekin dena lurraz eta hautsaz estaltzen saiatu zirenak. Gertatutako sarraskiak ezkutatu nahi izan zituztenak ere izan ziren. Garai berriekin batera, baina, jakin-mina piztu zen herraren ondorioz hil edo desagertuen ondorengoen artean, biziraun zuten zaharrek kontatzen zituzten sufrimenduak argitu nahi zituztenak martxan jarri ziren, eta, ondorioz, gaur egun eurak dira mundu osoan zehar, pixkanaka, memoriaren alde borrokan ari direnak. Aipatutakoaren adibide dira Aritza eta La Ilusión kolektiboetako kideak, atzoko ekitaldia mimoz prestatu dutenak. Lehenik Esti Amenabarrok hitz egin zuen Aritzaren izenean. «Honakoa egia, justizia eta onarpenaren bidean pauso bat besterik ez da. Asko kosta zaigu Concepcionekin topo egitea eta oso hunkigarria izan da. Adolforen alaba da eta berak ezagutu ez zuen aitak elkartu gaitu, eta, orain, guk Adolforen inguruan gehiago ezagutzeko aukera dugu. Gaur [atzo] hemen gaude Francoren aliatuen kontzentrazio esparruetan izan zirenei omenaldia egiteko, biziraute hutsagatik sufritu zutenak, nahiz eta batzuek hori ere lortu ez zuten. Hori da Adolforen kasua, Bigarren Errepublikako komandantea, irakaslea ogibidez, euskalduna eta Villabonako bizilaguna. Dantza hau zuretzako da, Concepcion», esan zuen, eta arkupeetatik sei gazte atera ziren dantza eder bat eskaintzeko. Omendua bera makulua askatu eta txaloka hasten lehena izan zen. Ostean, Amaia Agirre bertsolariak bertsoa eskaini zion, ez unean asmatutakoa baizik eta paperean idatzitakoa, gaia gogorra zenez nahiago izan zuelako kanta dotorea aurretik prestatzea. «Guk dakigunez Villabonako bederatzi lagun izan ziren nazien kontzentrazio esparruetan. Pilatuta izaten zituzten presoak eta lan behartuen bidez heriotzaraino kondenatzen zituzten gizakia txikitzeko antolatutako zentroetan. Gosea, izua, nekea, tortura... erabiltzen zituzten erregimenaren kontra zegoen edonor zigortzeko, betiere euren ‘legearen’ barruan», jarraitu zuen Amenabarrok. Mauthausen hirugarren graduko kontzentrazio eremu gisa identifikatuta zegoen, hau da, gogorretan gogorrena. Bertan harrobi bat zegoen eta presoek bertan egiten zuten lan. Bertatik atera zen Adolf Hitler beraren gurasoen hilarria egiteko materiala, baita diktadorearen bizileku zen Linz hiriko errepideak egitekoa ere. Biziraun zutenak... “Gerrako boluntario gorri espainolak” hartu zituen Mauthausenen milaka pertsona hil ziren, Europako txoko desberdinetatik iritsitakoak. Adolfo Lozano hil zirenen artean dago. Alberto Beafourt, ordea, bizirik atera zen bertatik. Lozano eta Beaufort dira Mauthausenen izandako Villabonako bi herritarrak eta atzoko omenaldia biei eskaini zieten, naiz eta pisu handiagoa izan zuen Lozanok, bera ez baitzen bertatik bizirik atera. Villabonan jaio bazen ere, Alberto Beafourtek herritartasun frantsesa zuen kontzentrazio esparruko artxibategiaren arabera. Bere gurasoak Baionakoak ziren jatorriz. 1944ko martxoan atxilotu zuten alemanek eta Compiegne herriko espetxera eraman zuten hasiera batean. Egun batzuk geroago Mauthausenera mugitu zuten. 59.544 zen bere preso zenbakia. Handik Gusengo azpi eremura eraman zuten 1945eko maiatzean AEBetako armadak esparrua “askatu” zuen arte. Villabonako gainontzeko zazpi lagunak Gurs esparruan izan ziren. Juan Peña Villarealek 18 urte zituen atxilotu zutenean, 1939ko otsailaren 12an Argelesen, eta Gernika Berri batailoiko kidea zen. Ogibidez tornularia zen. Batailoi berekoa zen Martin Gonzalez, eta operazio berdinean atxilotu zuten hura ere. Bere preso zenbakia 5.563 zen. Angel Garcia Etxarrenek 20 urte zituen Gursera eraman zutenean. Gernika Berri batailoian zebilen garai hartan. EAJko ordezkaria zen eta pilotan jardutea gustatzen zitzaion. Hilario Garcia Ilardia 21 urteko UGTko kidea zen, arotza ofizioz. Karabineroa izan zen Katalunian. 1939ko otsailaren 2an Le Boulouen atxilotu zuten. Gernika Berriko kide izateagatik espetxeratu zuten Alejo Ramos Arrate eta Argelesko kartzelatik Gursera eraman zuten. Hau ere pilotaria zen. Jose Ignacio Garmendiak, guztietan zaharrenak, 44 urte zituen preso hartu zutenean. 1939ko abuztuak 28an askatu egin zuten. Oroigarriak lurrean Izen guztiak oroitu ostean La Ilusión taldeko Floren Mariñelarenak hartu zuen hitza. Kolektiboa Europa osotik oroigarriak jartzen ari da errepresaliatuak gogora ekartzeko. «Badago herri txiki bat Mauthausen izena duena. Oso leku berezia da, Danubio ibaiaren alboan dagoelako. Oso polita da, zoragarria, belarra hemen duguna baino berdeagoa da. Zoritxarrez, duela urte pila bat, norbaiti buruan sartu zitzaion bertan granitozko harrobia egitea eta jendea harriak ateratzera behartzea. 186 eskailera igo ondoren, berriro jaitsi eta berriro igo. Jaten gaizki ematen zieten. Horrela hil arte. Beste batzuetan, besterik gabe, tiro egiten zieten. Batzuek bertatik atera ahal izan zuten. Hitler eta Franko ez zeuden bakarrik, eta, horregatik, sarraski hura berriro ez errepikatzeko neurriak hartu behar zirela erabaki zuten. Handik aurrera saiatuko ziren beste gizarte bat eraikitzen», kontatu zuen Mariñelarenak. 1945ean Ameriketako Estatu Batuetako soldaduak Mauthausengo kontzentrazio esparrura iritsi zirenean, nazien banderen ordez espainiar bandera errepublikanoak aurkitu zituzten, eta, ate nagusiaren gainean, “Los españoles antifascistas saludan a las fuerzas libertadoras” zioen pankarta erraldoi bat. Une horretatik aurrera presoak aske gelditu ziren arren, askok eta askok ezin izan zuten Estatu espainolera itzuli, Frankismoaren errepresioarengatik. Hala, beste herrialde batzuetan errefuxiatu behar izan ziren, batez ere Estatu frantsesean. Iraganera begirada bota ostean, Villabonan elkartutako guztiak txistulariaren doinuei jarraituz Adolfo Lozanoren etxea zegoen ingurura gerturatu ziren. Eraikina jada eraitsita dago, baina, hala ere, lurrean oroigarri bat jarri zuten Adolforen omenezko aurreskua dantzatu ostean. Bertatik Kale Nagusira abiatu ziren, ez baitzuten Alberto Beaufor ahaztu nahi izan. Antolatzaileek ez dute bere oinordekorik topatu, beraz, inork ez zuen lore sortarik jaso bere izenean. Aurreskua, ordea, berdin-berdin dantzatu zioten. Lurrean ere badago berarentzat oroigarria, non gogoratzen den esparrutik bizirik atera zela. «Gosea, izua, nekea, tortura... erabiltzen zituzten erregimenaren kontra zegoen edonor zigortzeko, betiere euren ‘legearen’ barruan»