GARA Euskal Herriko egunkaria

Konponbideari buruzko mintegiak antolatu ditu Bake Bideak Sorbonan

Parisen ekainean egin zen Euskal Herriko Bakearen Aldeko Konferentzia Humanitarioan azaleratutako ebazpen nagusien haritik, mintegi zikloa antolatu dute Bake Bideak eta Sorbonako eta Liverpooleko unibertsitateek elkarlanean. Lehena, urtarrilaren 27an egingo da Sorbonan bertan eta «presoak konponbide prozesuan» izango dute aztergai.


Pariseko Konferentziak agerian utzi zituen hiru erronka nagusiei heltzeko asmoz, mintegi zikloa prestatu du Bake Bideak, gatazken konponbide prozesuen ikerketa-talde komuna duten Liverpool eta Sorbonako unibertsitatearekin elkarlanean. Lehen mintegia, urtarrilaren 27an egingo da Sorbonako gunean, «Preso eta iheslariak konponbide prozesuan» gaitzat hartuta.

«Hori izan zen, desarme prozesu ordenatu baten premiarekin, non Estatu frantsesaren inplikazioa ere ezinbestekoa litzatekeen, eta justizia trantsizionalaren mekanismoak martxan jartzekoarekin batera, Konferentziatik ateratako ebazpen nagusietakoa», esan zuen Peio Dufau Bake Bideko kideak, atzo, Baionan. Bi gaiok 2016an zehar, maiatza eta iraila aldera, egingo diren beste bi mintegietan jorratuko dira.

Helburua gai horien guztien nondik norakoak hausnartu eta gogoetatik bide-orri egingarriak finkatzea da, hots, eragile ezberdinen ekarpenen bidez, atalez atal bake prozesuan aitzinatzeko tresnak sortzea. «Bide-orri horiek Pariseko gobernuari begirakoak lirateke, batez ere, baina baita euskal gizarteari ere oro har, finean konponbidean aurrera egiteko tresnak eskaintzea baita xedea», gaineratu zuen Anaiz Funosasek.

Gogoeta prozesu horretatik Estatu mailako jurista talde bat sortzea ere jomugatzat dute.

2016an ere, Baionako agiria oinarri hartuta, Ipar Euskal Herrian lanketa berezia egin nahi du bakearen aldeko gizarte mugimenduak, batez ere, hautetsiei zuzenduta. Horrekin batera, bake prozesuarekiko norbanakoen atxikitzea handitzeko bideak hausnartuko ditu eta, nola ez, «atxikimendu hori karriketan erakusteak duen garrantzia» nabarmenduta, mobilizazioa sustatzen segituko du.

Urtarrilak 9

Hain zuzen ere, «bake-prozesuan aitzinatzeko, presoen egoera konpontzea funtsezkotzat» jota, urtarrilaren 9an, 17.00etan, Baionan zein Bilbon egingo diren manifestaziotan parte hartzera deitu zuten Bake Bideako ordezkariek.

Iparretarrak-ek konponbiderako ekarpena egin zion HNTri

Iparretarrak (IK) taldeko preso ohien eta Errepresioaren Kontrako Batzordeko kideen ordezkaritza bat Euskal Herrian bakebidea bultzatzeko Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin (HNT) batzartu zen joan den irailaren 24an. Hala jakinarazi zuten, atzo, hedabideei igorritako agiri baten bidez.

Topaketan, aldez aurretik adostutako dokumentu bat eman zioten HNTri, konponbiderako «ekarpen» baliagarria izango delakoan. Orain arte publikoki ez dute deus iragarri baina, egun, «egokia iruditu» zaie, «batez ere, Euskal Herriko jendarteari» jakinaraztea. «Bakebidearen urrats eta nekeziei, amnistiaren eskabideari eta Ipar Euskal Herriaren ezagupide instituzionalari buruzko eztabaidek bizi-bizi dirautelarik, aldarrikapen honek ekarpen bat gehiago izan nahi du», diote Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste, Gabi Mouesca, Philippe Lascaray, Allande Socarros, Panpi Sainte-Marie, Filipe Lesgourgues eta Terexa Mitxelenak, HNTrekin bildu ziren ordezkariek.

Dokumentuan IKren sorreran Ipar Euskal Herriko testuinguruaren eta bere borrokaren errepasoa egin, hildako militanteak oroitu, beren borroken emaitzak eta ondorioak azaldu, –besteren artean, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalarekin, euskararen ezagutzarekin, presoen askatzearekin eta amnistiarekin lotutakoak– eta 2003an bere jarduera armatua uztera bultzatu zuten arrazoiak agertzen dituzte. Aieteko Konferentziatik abiatuz, gatazka politikoaren konponbidean esku hartzeko borondatea adierazten dute, Euskal Herri batua lortzeko bidean, autonomia, euskararen ofizialtasuna eta amnistia tarteko pausotzat hartuta.A.M.