18 DIC. 2015 Naiz, zara... musikaren bitartez mundua ikusten du Serbiellek «Zara» du izena Peio Serbiellen azken diskoak, «Naiz»-en ondotik osatu nahi duen trilogiaren bigarren alea. Diskoa aurkezteko, bere baitan duen filosofiaren erakusle izango diren hamarka partaideekin kontzertua emango du igandean, Baionako Lauga gelan. Última actualización: 18 DIC. 2015 - 10:32h Idoia ERASO BAIONA «Nortasun partekatua, euskalduna izatea inportantea da euskaldunentzat, baina baita munduarentzat ere. Unibertsaltasuna herrietatik sortzen da, nortasunak elkartuz mundua bilakatzen da» hitzekin azaltzen du Peio Serbiellek “Zara” diskoaren funtsa. Oinarri hori letretan ez ezik musikan ere atzeman daiteke, mundu zeltari begira jarri baita, eta aldi berean munduko musiken munduan aritzen diren jotzaile eta kantarien parte hartzearekin sortu duelako. Berarekin musika-lagun ditu Gilles Servat eta Karen Matheson. Bidean gurutzatu dituen musikariak daude eta dira “Zara”. «Bertzea ez da etsaia. Zuk ez duzu zure izaera galtzen bestearengana joatean, aberastu baizik». Herrien aberastasunerako bidea hartu du bidelagun bere diskoarekin. Nazio Batuen Erakundearen sorreran 51 estatu zirela eta egun kopurua 193ekoa dela nabarmendu zuen Serbiellek; hau da, askatasunera bidean «lau aldiz handiagoa da». «Irekiduraren» filosofian Euskal Herria 11 Kolore dinamikarekin bat egiten duela nabarmendu zuen. «Non sortu zara, non bizi zara eta zein da zure ekarpena zauden gizarteari?» zabaltzen duen mezua «tolerantziaren aldekoa» dela gaineratuz. Kantaldi anitza Diskoan parte hartu duten musikariek hartuko dute parte Baionan abenduaren 20an egingo den kontzertuan. Karen Madisonek etortzerik izan ez duenez, bere tokia Maialen Errotabeherek hartuko du. Horretaz gain, kantari ezpeletarrak abesbatza zuzendari gisa duen esperientzia ere baliatuko da. Bost izango dira kantari taldeak: Hendaiako Otsaila, Baionako Lau Haizetara eta Xaramela, Angeluko Adixkideak eta Bardozeko Bizi kantuz. Diskoan kantatzen duten Donostiako Zurriola ikastolako haurrak ere izango dira kontzertuan. Izan ere, diskoan Diwan eskola bretoietako gaztetxoekin batera “Zugan” kantua abesten dute. Bretainiako haurren tokia Baionako Marraq kolegioko ikasleek hartuko dute. Angeluko Kimua ikastolako haurrek eta Baionako Oihanakoek ere parte hartuko dute Itxaro Bordak idatzitako “Erran bezate” lana interpretatuz. Proiektu horren inguruan beste parte hartze batzuk ere eskatu ditu ikasleen artean. Lapurdiko hiriburuko mediatekaren eskutik, hezkuntza zentro batzuetako ikasleei “haiku” edo poema batzuk idaztea eskatu diete «Esadazu gaur zuretzat Euskal Herria zer den». Oihana ikastola eta Cavailles eskolako bederatzi eta hamaika urte arteko gaztetxoek idatzitako testuak dira: «Momentu politiko pisu honetan, barre egiteko gauzak ematen dituzte». Poema horiek hainbat komunikabidetan ezagutzera ematen ari dira kontzertuari begira. «Faxistak gero eta botere gehiago hartzen ari diren momentu honetan, kontzertua musikatik abiatzen da eta musikarekin bukatzen da, musikaren bitartez gonbit bat egiten da nortasun partekatuaren alde», biribildu zuen Serbiellek. MUNDUA «Zu ‘Zara’» da Serbiellek bere diskoarekin eta igandean emango duen kontzertuarekin zabaldu nahi duen mezua. Karatulak irudi batean ematen du hori: haur irribarretsu bat, mundua bere beso artean hartuz.