26 DIC. 2015 Euskalkiak.eus, XXI. mendeko euskararen webgunea Gaur egun Euskal Herrian mintzatzen den euskararen berri jakin nahi duenak badu nora jo, modu erraz eta erosoan jo ere. Euskalki guztien ezaugarriak, historian egin diren sailkapenak, haien jatorria, hizkerak, euskara bateratzeko ahaleginak, literatura euskalkiak... eta hainbat bideo biltzen ditu Euskalkiak.eus webguneak. Euskal Herri osoan egiten den hizkuntzaz gain, «XXI. mende hasieran euskaldunak nolakoak garen» azaltzeko asmoz. Última actualización: 26 DIC. 2015 - 08:03h Xabier IZAGA Gasteiz Euskal Herri osoan mintzatzen den euskararen berri jakiteko, bertako inguru guztiak bisitatzea da gomendagarriena; bide batez, tokian tokiko euskara ez ezik, inguruak eta jendeak ere ezagutzeko. Patxadaz hartu beharreko zeregina, zalantzarik ez. Patxadaz, baina etenik gabe, ibili da urte askoan Koldo Zuazo bazterrik bazter Euskal Herriko euskara mintzatua, euskalkiak, aztertzen. EHUko eskoletan eta hainbat liburutan zabaldu izan du bere lanaren berri, eta, oraindik orain, Interneten ere bai, horretarako beste bost lagunekin batera webgune bat sortuta. Edozeinek erraz asko erabiltzeko moduko tresna; izan ere, xumea da Euskalkiak.eus webgunea, konplexutasunik gabea, alegia. Baina mamitsua. Eta edozein euskarri digitaletan erabiltzeko egokia: sakelako telefonoa, tableta, ordenagailua… Euskara mintzatua erakusten du, horrenbestez, webguneak, gaur egun Euskal Herri osoan egiten den euskara aztergai. Horiek dira haren ezaugarri nagusiak. Egiturari dagokionez, hiru ardatz nagusi ditu: (1) euskalkiak; (2) euskara batua, literatura euskalkiak eta tokiko batuak, eta (3) audiobisualak. Euskalkiek dute lehentasuna lantaldearen azterketan, «euskara mintzatua euskalkietan zatituta heldu zaigunez», eta lau ataletan antolatuta dago haien azterketa. Lehenak XVII. mendetik gaur arteko euskalkien sailkapenak biltzen ditu: A. Oihenartena, M. Larramendirena, Bonaparterena eta gaur egungo egoera, Koldo Zuazok deskribatua, hain zuzen. Bigarren atalean, egungo bost euskalkiak –mendebaldekoa, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra– eta haien ezaugarri nagusiak agertzen dira. Hirugarren atalak euskalkien jatorriaz dihardu. Zuazoren tesiaren arabera, Erdi Aroan sortu ziren, eta haien bost sorlekuak zehazten ditu. Euskalkien gaineko laugarren atalak zenbait hizkeraren gaineko monografiak biltzen ditu. Oraingoz bi, Burundakoa eta Araitz-Betelukoa, hain zuzen, baina osatuz joango den gune baten hasiera baino ez dira. Webgunearen bigarren ardatzari dagokionez, historian zehar euskara bateratzeko egin diren saioak ditu hizpide, hala nola sei literatura-euskalkiak: lapurtarra, zuberotarra, giputza, Markinako bizkaitarra, bizkaitar batua eta nafar-lapurtarra. Halaber, euskara batuaren eragina nabarmentzen du, euskalkien arteko aldea txikitu duen eragina, baita batua lekuan-lekuan egokituta garatu diren «tokiko estandarrak» ere. Ikus-entzunezkoak Webgunearen hirugarren ardatza ikus-entzunezkoak dira, Euskal Herri osoko hiztunekin egindako elkarrizketak. «Zuzen eta argi hitz egiten duten lagunak bilatzen ahalegindu gara», dio Zuazok. Elkarrizketatuek –haietako asko oso ezagunak– beren lanbideaz edo zaletasunez hitz egiten dute, euskalkia zein beren eskualdeko batua erabiliz. «Hizkuntzarekin batera, XXI. mende hasieran euskaldunak nolakoak garen azaldu nahi izan dugu», bizimodua eta kezkak. Oraingoz hogei bideo daude ikusgai baina, esan bezala, webgunea ez da lan bukatua, bere atalak osatuz joango dena baizik. XXI. mendeko euskararen gune hau ez da hizkuntzalarientzat edo filologoentzat propio egindakoa. Azalpenak argiak dira, terminologia teknikoegia saihestuta eta, beraz, ez da «adituendako kontua», euskararen gaineko informazioa eta azterketa mundu akademikotik ateratzeko ahalegina baizik. Datorren otsailaren 4an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dute webgunea jendaurrean, eta ondoren Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere erakutsiko dute. LANTALDEA Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen Errektoreordetzak babestutako webgunea sortu duen lantaldea Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika eta Teresa Portugalek osatzen dute, Koldo Zuazorekin batera.