GARA Euskal Herriko egunkaria

Erabat itzali dituzte Andoain, Oiartzun eta Eibarko suteak

2015. urteko azken egunean, gauean iritsi zen euriak lagunduta, erabat itzali ahal izan zituzten bezperan, asteazkenean, Andoain, Eibar eta Oiartzunen piztu ziren suteak.


Asteazkenean Eibartik Arraterako igoeran, Andoainen Leitzaran aldean eta Oiartzun eta Artikutza artean sortutako hiru suteak itzaltzea hurrengo gauean lortu zuten, urteko azkenekoan, kanpaikadekin batera. Azkenik, hainbertze esperatutako euria ailegatzeak lagundu zien suhiltzaileei, Lakuako Segurtasun Sailak eta Gipuzkoako Aldundiko Suhiltzaileek jakinarazi zutenez.

Lehendabiziko suteak, Eibartik Arraterako bidean gertatu zenak, GI-3301 errepidea moztera behartu zuen 21.15etik aurrera. 2016. urteak hamar minutu zituenean menperatu zuten sua eta bidea ireki zuten berriro ibilgailuak pasa zitezen.

Ordu berean eten zuten bertze errepide bat ere, GI-3631, Oiartzun eta Artikutza bitarteko basoan, Donostiako lurretan, agertutako bertze sute baten ondorioz. Hau 23.45ean itzali zuten eta bidea ere normaltasunera itzuli zen.

Suhiltzaileek Andoainen ere, Leitzaran inguruan, esku hartu behar izan zuten, 18.40ean sortutako sute bat menperatzeko. Orografia konplikatuak itzaltzeko lanak zaildu zituen, baita haizeteak ere. Halere, 02.20rako lanak bete zituzten.

Gaueko euri tantek basoetako sute hauek guztiak itzaltzen lagundu zuten. Gipuzkoako Aldundiko Mendietako zerbitzua txostenak osatzen ari da balantzea egiteko.

Nafarroan, larrienetakoak

Balorazioa egiten hasita, Nafarroan gertatu dira abendu honen bukaeran suterik larrienetakoak, Igantzi, Lesaka eta Arantzan, hain zuzen. Hiruren artean 480 bat hektarea kiskali dira. Lurralde honetan su gehiago ere piztu dira, ehunka hektareari eraginez.

Gipuzkoan eta Bizkaian bertze 378 hektarea baino gehiago erre dira. Baina datu hau ez da zehatz-zehatza, oraindik kiskalitako gune batzuen informazioa gehitzea falta baita.

Euskal Herritik harago zabaldu da suteen arazoa egunotan, bereziki Kantabriara –2.000 hektarea erre dira eta 200 su piztu aste bakarrean– eta Asturiasera –ehun sutetik gora piztu dira aldi berean–. Bi lurralde horietako agintariek azaldu dute kalteak zenbatuko dituztela kiskalitako guneak berreskuratzeko Estatuari laguntza eskatuko dioten ala ez erabakitzeko. Galizian ere sute ugari gertatu da, batez ere Ourensen. Hemen 268 hektarea erre dira, Lugon 53 eta A Coruñan 22 baino gehiago (datuok probisionalak direla kontuan hartu beharra dago).

Madrilgo Gobernuko Ingurumen eta Hirigintzako fiskalak, Antonio Vercherrek, Europa Press agentziari agertutakoaren arabera, egoera hau «ez da ohikoa gauden urte sasoian». Erantsi du gertaerak «nahita eragindakoak» direla pentsatzeko elementu pila bat daudela eta ikerketa irekita dagoela.

Datuek erakusten dute orokorrean udazkena eta bereziki abendua beroa eta lehorra izan dela. Gainera, haizeak gogor jo du, 130 kilometro orduko abiadurara iritsiz. Horrek suteak kontrolatzea zaildu eta zabaltzea erraztu du.