GARA Euskal Herriko egunkaria

Benetako alarma


Makila mehearen punta mapamundiko puntu zehatz baten gainean jarri du irakasleak, eta Iñigori galdegin: «Zein herrialde da hau?», Iñigok, zurezko aulki zurrunetik altxatu eta irmo erantzun du, «Hori Ajuriaenea kalea da andereño». «Oso ongi Iñigo, jesar zaitez. Eta zu, Andoni, zein herrialde da honako hau?», eta maparen beste aldean seinalatu du irakasleak. «Hori, Sabinetxea da andereño!», esan du haur musugorriak.

Gibeleko lerroan eserita dagoen Arnaldok besoa jaso du. «Bai?», galdegin dio irakasleak begiekin so, «eta zer dago Ajuriaenea edo Sabinetxea eta gero?». Andereño panpoxak irribarre urduria egin du eta zera erantzun dio ikasle zirinari: «baina Arnaldo, ze galdera da hori? Ajuriaenea eta gero Sabinetxe dago, eta Sabinetxeren os tean, Ajuriaenea»,... eta horren ostean... “La nada”, deus, eze reza, rien, nothing,...

Hori da EITBk eskaintzen digun mundu mapa, gure ostean GU, eta gure atzetik GU, eta gero GU, eta bihar Gu, eta GU, eta beste inor ez..

Lehen ere idatzi izan dut alarma laranja deitzen duten bakoitzean lasai egoteko lehen arrazoia, hain zuzen ere, alarma deitu izana dela, zeren ez dakit zorte txarra den edo fede onez egiten diren ekimen orotan eragiten duen Murfyren legea, baina kontua da, ez dutela bat bera ere asmatzen.

Olatuek kostako taberna eta eraikinak irentsiko dituztela iragartzen duten bakoitzean barregarri geratzen dira, eta horrela jarraituko dute Ajuriaenea eta Sabinetxea kaleetatik harago mundu bat, eguzki sistema bat eta itsasaldiak eragiten dituen ilargi bat badirela ohartzen ez diren artean. Zeren sinplea da, ohartu ez badira ere milioika urtetan bakarrik pasatu da, ilbeheran eta ilgoran marea hilak izaten dira, eta beraz itsasgoran marea ez da asko igotzen, eta ondorioz, nahiz eta olatuak oso handiak izan, ez da txikizio arriskurik.

Irakasleak ez daki, eta ezta dimentsio bakarreko ikasleek ere, gauzak datozen bezala jasotzera ohituak baitaude, baina jakin-min apur bat erakutsi duen ikasleak aurreikusi du, eguzkia oheratzen denean, ilargia iratzartzen dela, eta bere burua osorik erakusten duenean edo guztiz ezkutatzen duenean, itsasgoran ura arrunt gora igotzen dela, eta halako egunetan, olatuak handiak badira, Katxuma, itsasoko jainkoak, kostaldeko labar eta portuei hozka egiten diela. Bart, ilberria izan da, gau iluna, ez zen bonbilla horirik zeruan, eta datozen orduetarako itsaski handi baten etorrera iragarria da, horrela bada, oraingo honetan bai, alarma egiazkoa izango da.