13 ENE. 2016 JO PUNTUA Iraungi Fredi Paia Bertsolaria Ez dut gogoratzen aurreko bizitzan zer egin nuen, baina oraingo honetan kataluniar abizendun euskalduna izatea egokitu zait. Ikerlari batzuen ustez cataro alluniat (kataro iheslari) okzitaniarretik eratorria den nazioak domekan hasi zuen bidea beteko balu, hurrengo bizitzan berdin lidake euskal abizendun kataluniarra izatea. Oso euskalduna izan behar da kataluniarrak hauteskunde berrietara helduko zirela, hots, ez zirela konponduko pentsatzeko. Hori soilik otu zekiokeen auzokoekin hitz egiteko kanpokoen behar historikoa izatera heldu den zoro bati. Auzokoaren aurka kanpokoarekin bat egitea Erdi Arotik dokumentatutako ohitura bihurtu duen tribu honi. Sano gustatu zait CUPen negoziazioa. Bikaina izan da tempusaren kudeaketa espainiar hauteskundeekiko. Mas baztertzearekin batera ustelkeria leporatze diskurtsoak indarra galdu du eta prozesua indarturik atera da. Masen eskuzabaltasunak, ostera, nazio pertsona bihurtu du Kantauri ertz honetan siglen seme-alabek sarraskituta desagertzear dagoen espeziea. Analisirik interesgarriena Pedro Sanchezena begitandu zitzaidan. Katalunian gertatuak Podemosen marra gorria indargabetzen du, bere ustez. Prozesu kataluniarrak erabakitze eskubidearen debatea iraungi duela esan zuen. Hau da, une honetan bi aukera baino ez daudela: independentziaren aldekoak eta aurkakoak. Dilema horrek Podemos bere confort gunetik atera lezake. Etxenike zaragozarra aurkako eta aragoiarren etorkizun komertzialaz kezkaturik agertu zen. Colau, ordea, baiezko bikoitzaren aldekoa ei da. Deskonexio kataluniarrak aurrera egin ahala, indar handiagoa har lezake erreferendumaren ideiak espainiarren artean. Kasurik onenean, independizatu ostean lortuko dute erabakitze eskubidea. Badakit guretzat ez daukala zentzurik, baina horrela da. Podemos unionismo demokratikoa ei da. Laster jakingo dugu zenbat daukan unionismotik eta zenbat demokratikotik. Deskonexio kataluniarrak aurrera egin ahala, indar handiagoa har lezake erreferendumaren ideiak espainiarren artean. Kasurik onenean, independizatu ostean lortuko dute erabakitze eskubidea