GARA Euskal Herriko egunkaria

Tolosako Ezpala gaztetxea hustu du Ertzaintzak «inolako agindurik gabe»


Goizaldeko 4.30ak aldera agertu zen Ertzaintza Tolosako Ezpala gaztetxean eta bi orduren bueltan hustu zuten. Gazte Asanbladaren esanetan, huste hori «agindurik gabe» egin zuten. Antza, Ertzaintzari husteko agindua erakusteko eskatutakoan, beraiek ere sartzeko baimena eskatu beharra zutela erantzun zieten.

Joan den abenduaren 23an okupatu zuten gazteek Izaskunerako igoeran dagoen lantegi zaharra. Gabon garaia igaro ostean, lantegia txukuntzen ari ziren.

Gazte Abertzaleak erakundea desalojoaren aurka agertu zen atzo, igorritako ohar baten bidez: «Ezpala Gaztetxearen hustearen aurrean, gure gaitzespena eta salaketa zabaldu nahi dugu jendartean, baita gure elkartasuna eta babesa proiektu honi».

Izan ere, horien ustez, gero eta gazte gehiago dago autokudeaketaren alde, baina erakunde publikoek lagundu beharrean, «trabak eta oztopoak jartzen dituzte». Hala, «gazteen partaidetza eta antolakuntza dinamikoak posible egiten dituzten gune hauen» defentsa irmoa egin zuten. Jarrera honen aurrean, Tolosako Gazte Asanbladak mobilizazioa antolatuko du.

Bestalde, EH Bilduk «babes osoa» helarazi nahi izan zien gazteei, euren proiektuak garatzeko espazio autogestionatuak izateko eskubide osoa dutelako, «are gehiago hutsik dauden guneei bizia emateko». Desalojoa gauzatzeko erabilitako formak ere salatu zituzten. Era berean, gazteen jarrera txalotu zuten eraikinaren jabearekin harremanetan jarri direlako eta haiekin adostasun batera iristeko prest daudelako.