GARA Euskal Herriko egunkaria
errugbia

Avironek eta Biarritzek puntuak behar dituzte


Berriro ere garrantzi handiko partidak jokatuko dituzte Avironek eta Biarritzek. Euren helburuak bete ahal izateko, bi euskal taldeek puntuak behar dituzte, ezin dute hutsik egin, hemendik aurrera kale egiten duenak garesti ordainduko baitu.

Avironek, sailkapeneko azkenekoaren zelaian, Tarben, jokatuko du gaur, 19.30ean. Baionako taldea bigarren dago. Liderrak, Lyonek, 11 puntu kentzen dizkio, eta garbi dago lehen postu hori lortzea zaila izango dela, baina hark huts egiten badu ere, Avironek berean jarraitu behar du, eta puntuak behar ditu baita bigarren postu horri eusteko ere; beraz, irabazteak garrantzi handia dauka. Galduta atzerapausoa emango luke.

Tarbe azkena dago, baina azkenaldian emaitza onak lortu ditu, eta apurka-apurka salbazioa emango lioketen postuetara gerturatzen ari da; beraz, bolada onean dabilela esan daiteke. Gaur Avironek irabazita, Biarritzi ere mesede galanta egingo lioke. 

Biarritz, berriz, bolada txarrean sartuta dago, eta berriro ere beheko postuetara ikaragarri gerturatu da. Hori bai, gaur galduta ere ez litzateke jaitsieran sartuko, baina berriro ere garaipenen bidera sartzea komeni da. Zuri-gorriek Colomiers hartuko dute 19.30ean, Agileran. Frantziarrek igoerako kanporaketak jokatu nahi dituzte, eta horretarako haiek ere puntuen premia dute. Bestalde, eguraldi txarra iragarrita dago, eta horrek ez dio inori mesederik egingo.