28 ENE. 2016 JO PUNTUA «Tuenti historia da!» Iratxe Esnaola Arribillaga Hezkuntzan doktorea DBH3ko ikasle euskaldun baten hitzak dira, literalki, joan den astean adierazitakoak, Beasaingo institutu publiko batean. Tuenti jada ez da euren egunerokoan existitzen. Historiara pasatu da, hain zuzen, sare sozialen eremura jauzi egitea ahalbidetu zien aplikazioa. Eta DBH3ko ikasle hauen bizitzan bi urte iraun duen bidaia izan da Tuentirena. Lehen bidaia. Baina DBH2n zeudela, «Insta» agertu zen. Instagram, berez. Ordezko produktu bat: ezberdina, baina antzekoa. Eboluzio gisa bizi dute gaztetxoek. Eta azkenaldi laburrean Tuentin sartu direnek igo zituzten argazkiekin lotsa sentitu dute. Lotsa, erridikulua eta gisako hitzak entzun ditut. Beti esan da teknologien mundua oso azkar doala. Eta nabaria da horrela dela. Azkar doala. Ez garapen abiaduraren aldetik bakarrik, belaunaldi berrietan duten sartze-mailaren ikuspuntutik ere bai. Institutu berean, DBH1 eta DBH2ko ikasleen artean, Tuenti izan dutenak gutxi batzuk dira. Salbuespenak. Facebook usaindu ere ez. «Insta» da, hauen kasuan, sare sozialen eremura jauzi egitea ahalbidetu dien aplikazioa. «Insta» errazagoa zaie erabiltzeko. Azkar partekatzen dute argazki bat euren jarraitzaileekin (sasi-jarraitzaileak ere dei daitezkeenak, DBH3ko ikasleen batez besteko jarraitzaile kopurua 500 ingurukoa baita). Eta aplikazioa aldatu duten arren, muina ez da aldatu. Tuentin sasi-lagunekin argazkiak eta denetariko edukiak partekatzen zituzten. Orain, «Insta»-rekin gauza berbera egiten dute: jakinik, «Insta»-ko jarraitzaileen artean, soilik laurden baten telefono zenbakia dutela, hau da, nolabait esateko, soilik laurden bat dela «norbait» euren bizitzan. Garrantzitsua da bi gauza hausnarraraztea: nori erakusten dizkiot igotzen ditudan argazkiak eta zenbat argazki igotzen ditut urtean? Unean uneko aplikazioa erabiltzen dute euren bizitza publiko egiteko, biharko egunean pentsatu gabe. Eta hori da, hain zuzen, arrakasta eta eragin handiena izan duen gomendioa: «Sar zaitez Tuentin eta ikusi zer igo zenuen; orain gauza bera egiten ari zara». Eta hori da arrakasta eta eragin handiena izan duen