02 FEB. 2016 Urteetako borrokaren ostean, ametsak gauzatzeko garaia da Myanmarren Myanmarreko aro politiko berria urratsak egiten hasia da. Atzo eratu zen Parlamentu berria, Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren alderdia nagusi dela. NLD Demokraziarako Liga Nazionalak eratu beharko du Gobernua, militarrek utzitako egoera bere onera ekartzeko. GARA NAYPYIDAW «Une hau bizitzeko egin dugu borroka horrenbeste urtetan. Orain, nahi genuena iritsi denean, kezkak pilatzen zaizkigu», adierazi zuen Khin Zaw Win analista politikoak herrialdeak bizi duen giroa deskribatzeko. Beraren ustez, Aung San Suu Kyiren alderdiak lehenbailehen hasi beharko du emaitzak erakusten eta horretarako lan asko egin beharko dute. Naypyidaw Myanmarreko hiriburu administratiboan egoitza duen Parlamentura laranja kolorez jantzita iritsi ziren NLDko 390 diputatuak. Oso goiz iritsi ziren eta berehala sinatu zuten beren presentzia baieztatzen duen dokumentua. Iazko azaroan egin ziren lehen aldiz hauteskunde demokratikoak, azken hamarkadetan militarrak nagusi izan diren herrialdean. NLDk erraz irabazi zituen eta orain agindutakoa betetzen saiatzea egokitzen zaie. «Myanmarrentzat egun historikoa da gaurkoa. Harro egoteko moduan gaude», esan zuen Win Myint NLDko diputatuak. Bera aukeratu zuten Parlamentuko presidente izateko. «Giza eskubideak eta demokrazia guztiek errespeta ditzaten eta bakea berreskuratzeko egingo dugu lan», esan zuen talde bereko Nyein Thit parlamentariak. Behar ugari 51 milioi biztanle dituen herrialdean gehienek aldaketa handiak espero dituzte. Izan ere, 1948an independentzia lortu zuenetik, ia beti militarrak egon dira agintean eta gaur egun Asiako hego-ekialdeko pobreenetakoa da. Hezkuntza sistema hondoa jota dago eta gauza bera gertatzen da osasun zerbitzuekin. Herritarren %30ek baino ez dute argindarra etxean. Beraz, orain parlamentari bihurtu diren mediku, irakasle eta idazleek izango dute zer egin; eta ikasteko, asko. NLDko diputatu gehienek ez dute esperientziarik; hogeik bai, Bakearen Nobel saridunak barne. Aung San Suu Kyi oposizioburu izatetik Parlamentu berrian gehiengoa duen taldeko burua izatera pasatu da, baina herrialdeko presidente izateko aukerarik ez du, bere semeek atzerriko herritartasuna dutelako (britainiarra). Horrela dio Konstituzioak, bere aukerak murrizteko propio idatzitako puntu batean. Edonola ere, hauteskunde kanpainan esan izan zuen bera «presidentearen gainetik» egongo dela. Alderdiak ez du oraindik presidente karguan nor jarri erabaki. ARMADA2008ko Konstituzioaren arabera, Parlamentuko eserlekuen %25 militarrentzat dira, hauteskundeetara aurkeztu beharrik izan gabe. Konstituzioa aldatzeko botoen %75 behar direnez, NLDk militarrekin negoziatu beharko du.