GARA Euskal Herriko egunkaria

Lekorne sorgin-zelai bihurtuko du EHZ-k etorkizun bat asmatzeko


Lekorneko Garro gaztelu ingurua «sorgin-zelaia» izango da uztailaren 1, 2 eta 3an, burujabetza nazional eta soziala ardatz, Euskal Herria Zuzenean festibala «edozer posible den leku» bihurtzeko. «Sorkuntza, gogoeta eta ekintza sozialerako gune» izate horrek erabat bustiko du festibalaren 21. edizioa, atzo Baionan Jon Irazabal eta Pauline Guelle bozeramaileek adierazi zutenez. Festibalzaleak «zapalkuntzarik gabeko geroa asmatzeko sorginak izatea» nahi dute.

Berrogeita hamar laguntzaileren ekarpenez eta partaideen artean galdeketa bat burutuz osatu duten egitarauaren zati baten berri eman zuten. Oholtzan izango direnen artean daude Fermin Muguruza eta New Orlenas Basque Orkestra, Belako mungiarrak eta Kadavar alemaniar rock taldea. Egunean zeharreko egitarauan hiru hitzordu iragarri dituzte: King Size konpainia eta bere akrobazia zirkua, zazpi minutuan publikoaren itxura bestelakotzen duen Christophe Pavia ile zizelkaria eta ring-aren gainean burutuko den bertso «battle»-a.

Eztabaida

Eztabaida gunean zeresana Notre-Dame-des-Landes (Bretainia) herrian egin asmo duten aireportuaren kontrako mugimenduak jarriko du, bertan izango baita hango ordezkaritza zabal bat erresistentzia gune horren antolaketa azaltzeko.

Aurtengo edizioan prezioak apalduko dituztela jakinarazi zuten, bestalde. Lehen 100 bonuek 40 euro balioko dute eta programazio osoa jakinarazi aurretik erositakoek, berriz, 45. «Ez duda, balia parada», egin zuten gonbita. Familia ugari bildu ohi diren igandeko sarrera 10 euroan izango da aurrez, eta 14 urtez azpikoentzat, doan.