22 FEB. 2016 KOLABORAZIOA Toki administrazioaren berrantolaketa Xabier Lasa Gorraiz Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioko zuzendari nagusia Nafarroako indar politiko guztiak ados daude gure Toki Administrazioa berrantolatu behar dela. Ez da kontu berria, gure instituzioetan sarri askotan azalarazten den arazoa baizik, kontzejuez, udalez edo mankomunitateez mintzatzen garen aldi guztiotan, eskola-mapa edo mediku harrerarako zonaldeak bezalako politika sektorialei aurre egiten diegunean, edota udal bakoitzak Nafarroako Gobernuari bere 0-3ko Haur Eskola finantzatzeko urteko diru-laguntza eskatu behar dion orotan… agertzen dena. Arazoaren konponketa 1990eko Toki Administrazioa arautzen duen Foru Legea eguneratzean datza; izan ere, gure tokiko entitateen errealitatea zeharo aldatu da azken 26 urte hauetan: teknologia berriak udaletara sartu dira, gizartearen etengabeko aldaketari erantzuteko zerbitzu berriak sortu dira… Horretaz gain, gaiari buruzko Estatuko legeria goitik behera aldatu da 2012ko aurrekontu-jasangarritasunaren legea eta 2013ko Toki Administrazioaren Arrazionaltasun eta Jasangarritasunerako legea onartu zirenetik. Legeria eta gizartea abiadura berean ez dabiltzanean neurriak hartu behar dira legea gizartearen erritmora egokitzeko. Nafarroak erabakitzeko ahalmena du tokiko gaiei dagokienez; azken urteotan ahalmen hori erabili nahi izan du, baina ez du helburua lortu. Berriz ere saiatu behar dugu. Ezinbestekoa da eskaera ahobatezkoa delako eta iraganeko porrotek ezin lezaketelako sekula oraingo geldotasuna zuritu. Lehenago saiatu izana ez da arazo; aldiz, porrota jaso arren saiatzeak meritua du. Horregatik, saialdi berri honek kontuan hartzen ditu Nafarroako Lurralde Estrategia bezalako ekarpenak edota azken bi legealdietan Parlamentuan garatu dituzten txostenak. Baina, horrekin batera, akatsak zuzendu behar dira. Planteamendua hobetzeko asmoz, saialdi honen arrakastarako gako izaten ahal diren hiru berrikuntza planteatu ditugu; orain, laburki bada ere, azaltzen saiatuko garenak. Lehenengoa da tokiko entitateei dagozkien arazo guztiak bere osotasunean hasieratik landuko direla, ardatz nagusietako bat ere bazter utzi gabe: eskumenak, tokiko planta eta finantziazioa landuko ditugu, beraz. Aurrekoetan, tokiko planta aldatu eta eraberritzearen gaineko eztabaidara sobera zuzendua egon da lana, zenbat udal edo kontzeju desagertu behar ziren eztabaidatzen bukatu arte. Bistan denez, horrela zaila da gauzak adostera iristea. Oraingoan, hasieran, eskumenen antolaketa izanen da aztergai, tokiko entitate bakoitzak zer egin eta nola egin behar duen jakiteko. Horrekin batera, finantziazioaz ere mintzatuko gara tokiko entitateek beren gain hartuko dituzten eskumenak baldintza hoberenetan burutu ahal izateko. Gure ustez, ikuspegi integral honek eztabaida bere marko egokian kokatuko du eta iraganean ager zitezkeen derrigortze susmoak guztiz baztertuko ditu. Bidea parte hartze prozesu baten bitartez eginen dugu. Hauxe da bigarren berrikuntza handia: protagonismo nagusia tokiko entitateei ematen zaie. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak bere gogoeta egin badu ere, ez du eztabaida baldintzatuko aldez aurretik hartutako erabaki batez. Prozesu honi bi urteko epea emanen diogu. Nafarroako Gobernua bera , Legebiltzarreko taldeak, to kiko gaietan adituak diren pertsona k eta, batez ere, toki entitateetako hautetsiak izanen dira parte hartuko duten agenteak. Eta azkeneko hauek izanen dira behin betiko erabakiak planteatuko dituztenak eta Nafarroako Gobernuari azken proposamenak helaraziko dizkiotenak; Gobernuak lege proiektuak prestatu eta Legebiltzarrari emanen dizkio bertan onartuak izateko, hautetsiek izanen baitute erabakitzeko ahalmena. Agerikoa denez, eztabaidak gogor eta trinko burutuko dira. Gure tokiko hautetsien heldutasunean konfiantza osoa paratu nahi dugu, komentzituak baikaude gaiak lantzeko prozesuaren barrenean noiz gogor aritu eta noiz amore eman desberdintzen jakinen dutela, beti ere ontasun orokorraren alde. Hirugarren berrikuntza dugu Nafarroako Gobernuak ere bere burua inplikatuko duela. Gobernuko Sail bakoitzak bere lan antolaketa propioa eztabaidatik ondorioztatuko den toki ordenamendu berrira egokitzeko ahalegina eginen du. Irakurketa komun batetik lurraldearen antolakuntzari buruzko ikuspegi bera eraikitzean datza kontua. Gaur egunera egokitutako berrikuntzak dira, erronka zahar bati aurre egin ahal izateko. Jarrera eraikitzailea nahi dugu. Nafarroako Gobernuak argi utzi nahi du lan hau aberatsagoa izanen dela Legebiltzarreko indar politiko guztien parte-hartzearekin. Horrexegatik guztiei eskua luzatzen die. Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko kontseilariak agerraldi ofiziala eskatu du Legebiltzarrean proiektua azaltzeko, eta alderdi guztiekin buruz buru elkarrizketatu nahi du, Gobernuari babesa ematen edo oposizioan badaude ere. Aukera paregabe baten aurrean gaude Nafarroan politika handia denon artean idazten dela eta posible dela erakusteko, gure aniztasuna onartzeko jarrera badago. Gure tokiko hautetsien heldutasunean konfiantza osoa paratu nahi dugu, komentzituak baikaude gaiak lantzeko prozesuan noiz gogor aritu eta noiz amore eman desberdintzen jakinen dutela