23 FEB. 2016 Konparazioak eta harremanak Xabier IZAGA Kazetaria Denok dakigunez, Jorge Fernandez Barne ministro espainola Mendebaldeko Sahararen eta Palestinaren askatasunaren aldeko defendatzaile sutsua da. Ezagunago egin zen, ordea, Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokalari porrokatu gisa. Horrenbestez, gutxik bezain ondo daki Nelson Mandelaren ibilbidearen berri. Biziarteko kartzela ezarri zioten benetako heroi harekin Arnaldo Otegi alderatzea iraina omen da. «Benetako heroia» titulua beste mandelologo ospetsu batek, Angela Murillo epaileak, jarri zion, zuzen jarri ere, mugimendu armatu bateko buruetakoa izan zenari. Ministroak dio Estatu espainolean ez dagoela preso politikorik, ez euskal presorik, ez andaluziar, mantxatar, kataluniarrik ere. Epaileek ezarritako zigorrak betetzen ari direnak baino ez. Bisitarik ere merezi ez dutenak, nonbait. Politikari kataluniar bik Otegiri egindako bisitak film baten izenburua gogorarazi omen zion, “Harreman arriskutsuak”, alegia. Ohartarazpena PSOEko buru Pedro Sanchezentzat zen, ordea: ERCren sostengua izango duen gobernua arriskutsua da. “Abc”-k, halabeharrez, argi utzi zuen bere editorialean: “De los proetarras, ni sus abstenciones”. Proetarras, munduan beste asko lez, Joan Tarda eta David Fernandez dira. Honek erromanuok burutik dauaz, Arnaldo. Ze egingo juagu, ba... Irribarre, bai horixe!