24 FEB. 2016 JO PUNTUA Guggenheim eta Uralak Fredi Paia Bertsolaria Roberta Comunian eta Oliver Mouldek, Londreseko King’s Collegeko Kultura, Media eta Industria Kreatiboen ikertzailea bata eta geografoa bestea, flag-ship edo buque insignia deituriko inbertsio handia eskatzen duten kultur proiektu erraldoiei buruzko ikerketa eredugarria burutu zuten. Inork iturrira jo gurako balu, “City, Culture and Society Journal”-en (Elsevier) argitaratu zen 2014ko maiatzaren 28an. Zelan ez, Guggenheim Bilbao museoa aipatzen dute, Scottek 2006an «Guggenheim efektua» izendatu zuenaren harira. Ikerketaren ondorioak oso deigarriak dira euskal komunitate kreatiboko kide garen guztiontzat: «Egiturazko hutsunea dago inbertsio publikoaren eta ekonomia kreatibo lokalaren artean, bereziki ‘banderadun ontzi’ motako inbertsio handiko kultur instituzioak sortzen diren kasuetan». Hots, Guggenheimen egindako inbertsioa turismo eta ostalaritzaren bidez berreskuratu da, potentzialitate eta produktibitate handiagoko sektore kreatibo lokalarekiko inolako trakzio efekturik eragin gabe. Kezkagarria, kalitate kaskarreko lanpostuak eragiten dituen ekonomia eredu batean gure etorkizuna eraiki gura ez dugunontzat. Goi mailako sukaldaritzaren bufoi paperera mugatuta geratzen da bertako komunitate kreatiboaren eta inbertsio publikoak erakarritako jende uholdearen arteko harremana. Ondorioak agerikoak dira. Euskal kultura funtzionarizazio prozesu batera kondenatuta dago, merkatuaren arauetan bizitzeak prekaritatera eta lana planeten konjuntzioak gertatzen direnean kobratzera kondenatzen baikaitu. Etxebizitzaren prezioak astronomikoak diren lurralde berean. Aukerarik interesgarriena emigrazioa da ekonomia kreatiboan funtzionarizatu gabe lan egin gura duenarentzat. Gure kultur ekosistemaren giza kapitalaren galera etengabea eraginez. Uraletan badago Katxkanar izeneko hiri bat. Ezagunak dira bertan jaiotako profesional kreatibo arrakastatsuak. Ezagunak, guztiak bizi direlako hiritik kanpo. Euren sorlekuan GOK izeneko lantegi industrial bat da lan egiteko dagoen aukera bakarra. Bertako agintarientzat, hori da ekonomia eredu serio bakarra. Fucking ship. «Egiturazko hutsunea dago inbertsio publikoaren eta ekonomia kreatibo lokalaren artean, bereziki ‘banderadun ontzi’ motako inbertsio handiko kultur instituzioak sortzen diren kasuetan»