GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ladydi Garcia», droga trafikoaren erretratu garratza samurki jorratua

Ahanzturan erori den Mexikoko estatu batera bidaiatu eta bertako emakumeen bizitzaren gordina ezagutzeko aukera luzatzen du Ados Teatroaren «Ladydi Garcia» antzezlanak. Droga trafikoak eta mafiak hartutako lurraldean, bahiketak eta desagerpenak eguneroko ogi bilakatu zaizkie emakumeei eta, askok, ezkutuan ibiltzea beste biderik ez dute ikusten. Horietako bat da Ladydi ere, istorio garratzari samurtasun puntua jartzera datorren neskatila.


Mexikoko Guerrero estatuan bizi den edozein neskatila izan zitekeen Ladydi Garcia. Mendialdeko herrixka batean bizi da amarekin, «senarrik, aitarik eta ia nebarik gabeko lurralde» batean. Mugaz bestaldera egin dute gizonezkoek, bizimodu oparoagoa eskuratze aldera, marihuanaz, narkotrafikatzailez eta amapolaz beteriko eskualdea atzean uzteko gogoz. Eta ez dira itzultzeaz arduratu.

Giro horretan abiatzen da “Ladydi Garcia”, Ados Teatroaren antzezlan berria. Emakumeez diharduen eta emakumeek osatu duten obra da. Garbi Losadak zuzenduta, Aitziber Garmendia, Iñake Irastorza, Klara Badiola, Dorleta Urretabizkaia eta Amaia Irazabalek antzezten dituzten pertsonaiek Mexikoko eskualde baztertu bateko emakumeen bizipenak daramatzate oholtzara.

Ados Teatroak taldeko kideek narkokorrido batetik ateratakoa dirudien istorioa dela diote. Baina ez da hala. Kontakizunak Jennifer Clementen “Prayers of the stolen” eleberria du ardatz, zeinetan lehen pertsonan eta ahots pertsonal eta freskoa erabilita Ladydik bere bizipenak kontatzen dituen. Antzerkirako egokitzapena Losadak berak egin du eta pertsonaia nagusiaren papera Aitziber Garmendiak hartzen du. Bera izango da kontakizunak irudikatzen duen «droga trafikoaren erretratu garratzari» samurtasun puntua jarriko dion pertsonaia: bera bizi den eskualdean droga trafikoari eta mafiei, bahiketei eta desagerpenei aurre egin behar izaten diete emakumeek eta, askok, ezkutuko bizimodua eramatearen hautua egiten dute. Eta, beste hainbatentzat bezala, Ladydiren kasuan, ezkutuan aritzea ilea moztu eta mutila den plantak egitea izango da. Neskatila bahituen errealitatea oso presente dago Ladydiren bizitzan baina, hala ere, samurtasunez eta, zenbaitetan, umore puntuz ere begiratzen dio inguratzen duen munduari. Baita narkotrafikante batekin nahasi eta 18 urte dituela kartzelan sartzen dutenean ere.

Clementen kontakizuna oholtzara eramateko, pertsonaiaren barne-ahotsaz baliatu da Losada eta maiz bizimoduaz duen ikuspuntuaren berri emango dio publikoari. Bakarrizketa hori izango da gainerako pertsonaiak eta eszenak elkar lotuko dituen haria.

Atarrabian estreinatu eta Donostiatik pasatu ostean, ostiral honetan Iruñeko Gayarren ikusi ahalko da antzezlana.