11 MAR. 2016 JO PUNTUA Hitz lauz Gotzon Elizburu Kazetaria Marko juridiko-politikoa eraldatzeko aldebakarreko estrategia eta prozesua jarri behar ditugu martxan. Horretarako ezinbestekoa izango da jendartearen burujabetzan eta ahalduntzean sakontzea. Hausturaren aldeko bide iraultzaileari ekin behar diogu sektore subalternoetatik abiatutako subjektu politikoa osatuz, hegemonia helburu. Konfrontazio demokratikoa eta desobedientzia bla bla bla». Ezagun batek esaten zuen gisan, hori botata masturbatu eta geure buruari txalo egingo diogu beharbada, eta txalo egin diezagutela eskatuko dugu gainera, baina inork ulertu al du ezer? Testu exajeratua da, bai, baina izan zitekeen lasai asko ezker abertzaleko edozein militante edo erakunderen komunikatua zein espitxa. Ezker abertzalea deritzogun familia zabalean oso joera hedatua da txostenek bezala hitz egitea. Eta hori komunikazio eraginkorrerako arazo larria da. Gure mezuak gizarteari, herritarrari helarazi nahi dizkiogulako eta komunikazio ororen helburua xede dugun pertsona horrengan zerbait mugiaraztea izan beharko lukeelako. Bi arazo nagusi gutxienez hauteman daitezke kolpe batean. Lehena, planoen nahasketa. Ez baita gauza bera barne mailako militanteen arteko eztabaida politiko/ ideologikoa eta bertan erabil daitezkeen kontzeptuak (teknikoak) edo herritarrari adierazi beharrekoa, astoaren arrantzaren parekoa izango baita seguru asko. Eta nago, barne mailan ere xehe hitz egiten hastea ez litzatekeela kalterako. Bada ordea, herritarrarekin konektatu eta zerbait mugiarazteko kontuan izan beharreko beste elementu bat ere. Ezer gutxi balio du diskurtso ponposoak estrategiarik gabe eta transmititu nahi denaren inguruko ideia labur eta zehatz bat gabe. Eta horretan ere kale egiten dugu gehienetan, gauzak sinple, argi eta sintetikoki adierazi ordez biblia osoa lehen letratik azkenera esan nahi izaten dugulako batetik, eta bestetik, gizartearen psikologian dauden balioekin bat egitea kostatzen zaigulako. Gauza bera esateko hamaika modu daude, era positiboan eta sinplean. Has gaitezen, beraz, hitz lauz berba egiten. Ezer gutxi balio du diskurtso ponposoak estrategiarik gabe eta transmititu nahi denaren inguruko ideia labur eta zehatz bat gabe