14 MAR. 2016 Pisu Garbia Jon GARMENDIA Idazlea Beren arkitekturatik harago dago hirien xarma, edertasuna; harea, kare eta zementu morteroek elkar ditzaketen adreiluetatik harago; nago, etxeen kanpoaldearen ordez barnea dela hiria, zubi gainean dabilen jendea, bulegoetan, karrikan, denda ttipietan edo ostatuetan; hau da, hiritarren bizinahiak egunero eraikitzen dituen paisaiak baino ez direla hiriak. Baina arkitektura existitzen da, existitzen diren bezala arkitektoei zer eraiki baimentzen dieten agintariak, eta eraikinetan zer egin daitekeen eta zer ez zehaztuko duten arauak, legeak eta debekuak. Oro har, irudipena daukat hiri baten nolakotasuna instituzioek erabakitzen dutela hiritarren ordez. Demagun Bilboz ari naizela, Guggenheim, Alondegia, Zubizuri, Isozaki Atea... kanporako uso. Baina etxerako otso. San Frantzisko kaleko 1. zenbakian dago Peso Neto ostatua, literatura, musika, gastronomia... jendearen aisialdia proposamenekin betetzeko gune berritzailea, nehori kalterik egin ez eta askori plazer ekartzen dion tokia. DJen emanaldia tarteko, isuna jarrita ixtera derrigortu dute, lehenago egin zuten gauza bera Modesto eta Pin-Up ostatuekin, ez zaratagatik, baizik jendea dantzan jartzeko lizentziarik ez zutelako, antza, zuzenekoak toki zehatz batzuetan soilik eskain daitezkeelako, ez nahi tokian. Edo, bestela esanda, agintariek hiritarren askatasunaren gainean eraiki nahi dituztelako hiriak.